Publicador de contenidos

Atrás

Xabier Arregi alkateak bilerak ditu bihar Bide Azpiegituretako eta Gizarte Politikako diputatuekin

Usurbilgo Udaleko ordezkari politikoek bilerak dituzte bihar goizean Gipuzkoako Diputazioko bi departamenduetako buruekin. Gure herriarentzat garrantzia handiko proiektuak izango dituzte hizketagai. Batetik, Gizarte Politikako diputatuarekin eta Matia Fundazioko ordezkariekin Zahar Egoitzaren proiektua biziberritzeko aukerez jardungo dute; eta, beste alde batetik, Bide Azpiegituretako diputatuarekin herriko pasabide arriskutsuei buruz arituko dira, soluzioak lortu nahian.

14·02·2018


Usurbilgo Udaleko ordezkari politikoek, Xabier Arregi alkateak eta Jone Urdanpilleta zinegotziak, bilera garrantzitsuak dituzte bihar Gipuzkoako Diputazioko diputatu eta goi-karguekin. Gure herriarentzat garrantzitsuak diren proiektuei buruz arituko dira. Alde batetik, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin eta Matia Fundazioko ordezkariekin bilduko dira, Kalezarren egin asmo zuten Zahar Egoitzaren proiektuari bultzada erabakigarria emateko asmoz. Bilera horretan jubilatuen elkarteko ordezkariek ere parte hartuko dute. Hain zuzen, jubilatuen elkarteak 3.500 usurbildarren sinadurak bildu zituen Zahar Egoitzaren proiektua berrartzeko eskatuz, eta irailaren amaieran eman zizkioten eskura Maite Peñari, gure herrira egindako bisita baliatuz. Udal gobernuaren agendan oso presente dagoen gaia da, eta azken hilabeteotan harremanetan eta elkarlanean aritu da Matiarekin eta Diputazioarekin, proiektua bideragarri egiteko.

Bestetik, Zahar Egoitza egiteko eskaera ez ezik, Usurbilgo puntu edota pasabide arriskutsuei soluziobideak topatzeko eskaera ere emango dute diputaziora. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin elkartuko dira Xabier Arregi alkatea, Jone Urdanpilleta zinegotzia eta Jone Miner arkitektoa, eta herriko puntu beltzen azterketa mahai gainean jarriko diote, herritarren segurtasuna bermatuko duten soluzioak topatzeko. Hala nola Troiako pasabideaz, Txokoaldeko sarrera-irteeraz eta Aginaga gurutzatzen duen N-634 errepideak eragiten dituen arazoez jardutea da helburua.

Lehengo astean Usurbilgo Udalak jakinarazi zuenez, Troiako pasabiderako proiektua egina du Euskal Trenbide Sareak (ETS), eta, gainera, 2018ko haien aurrekontuetan proiektuaren exekuzioa aurreikusita. ETSk eta Diputazioak erdira finantzatu behar dute proiektu hori, baina, hilabete luzeotan proiektua mamitzen aritu ostean, diputazioak azken unean dirurik ez duela jarriko esan berri du. Hain zuzen, biharko bileran udalak proiekturi heltzeko eskatuko dio diputazioari.