Publicador de contenidos

Atrás

Usurbilgo Udalak elkarretaratzea deitu du biharko, berriki herrian gertatu den eraso sexista bat salatzeko

Abuztuaren 14ean gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Usurbilen, bikotekide ohia erasotzeagatik. Epaileak urruntze-agindua ezarri dio. Horren aurrean, Udalak erasoa ozen salatu nahi du eta herritarrei dei egiten die bihar kalera ateratzeko eta plaza publikoan eraso sexistarik gabeko Usurbil nahi dugula aldarrikatzeko. Elkarretaratzea 20:00etan izango da, Mikel Laboa Plazan

20·08·2018


Usurbilgo Udalak elkarretaratze baterako deia egin du biharko, berriki gure herrian gertatu den eraso sexista bat salatzeko. Abuztuaren 14ko goizaldean bizilagunek Ertzaintzara hots egin zuten, eraso baten berri emateko. Ertzainak bikotearen etxera azaldu, eta gizonezkoa atxilotuta eraman zuten. Ordu gutxira egin zioten epaiketa azkarra, eta epaileak kautelazko neurriak ezarri ditu haren aurka: urruntze-agindua ezarri dio. Erasoaren berri izan bezain pronto, Udalak kasu hauetarako indarrean duen protokoloa ezarri eta erasotuarekin harremanetan dago, behar duen laguntza eta aholkularitza guztia emateko.

Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa ozen salatu nahi du Usurbilgo Udalak plaza publikoan. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe. Hala, bihar, asteartearekin, 20:00etan, Mikel Laboa Plazan elkarretaratze bat egiteko deia egiten die herritarrei.

Eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere.

Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu!

Indarkeria sexistarik ez! Ez hemen ez inon!