Publicador de contenidos

Atrás

Usurbilgo Euskaraldia Batzordeak Ahobizi eta Belarriprest tailerrak antolatu ditu urriaren 24 eta 30erako

Usurbilgo Euskaraldia Batzordeak Ahobizi eta Belarriprest tailerrak antolatu ditu urriaren 24 eta 30erako. Ekimen honekin Ahobiziak eta Belarriprestak prestatu nahi dira. Bi tailerrak Potxoenean izango dira, 18:00etatik aurrera.

19·10·2018


Azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko da Euskaraldia Euskal Herri osoan, eta ekimenaren helburua da 11 egunez herritarrak euskaraz bizitzeko konpromisoa lortzea. Hala, Ahobizi eta Belarriprest rolak erabilita, euskararen erabilera maila handitu nahi da ariketa erraldoi honen bidez.

Ahobizi rola hartzen dutenek, ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete. Belarriprestak berriz, euskaraz ulertzen duten pertsonak dira. Agian erdaraz erantzungo du, baina berari euskaraz zuzentzea nahi du.

Hain justu, Ahobiziak eta Belarriprestak prestatzeko helburuarekin, Usurbilgo Euskaraldia Batzordeak rol horietan sakontzeko tailerrak antolatu ditu. Bi motako tailerrak izango dira. Alde batetik, Ahobizi rola hartuko duten pertsonei zuzendutakoak, eta, bestetik, Belarriprestentzat prestatutako tailerrak.

Euskaraldia ariketa soziala da, eta, bertan parte hartzen duen jende kopuruak adina garrantzia du ariketa bera ondo egiteak. Ariketa ondo egiteko, gauza guztietan bezala, ikasi egin behar da, praktikatu. Tailer horietan, beraz, hizkuntza egoera errealetan jarriko gara, eta hizkuntza-jokabide batzuk barneratuko ditugu. Tailerren helburua, hortaz, 11 egun horietan euskaraz ahalik eta erosoen sentitzeko tresnak trukatu eta praktikan jartzea da.

Hauek dira urrian egiteko aurreikusten diren tailerrak:

- Urriaren 24an Ahobizi tailerra izango da 18:00etan Potxoenean.

- Urriaren 30ean, berriz, bi tailer izango dira 18:00etan Potxoenean: Ahobizi eta Belarriprest.

Tailerren inguruko xehetasunak ezagutu edo bertan izena eman nahi duten pertsonek Euskaraldia Batzordearekin harremanetan jar daitezke, bide hauek erabilita: usurbil@euskaraldia.eus-era mezua bidalita, edo, Noaua! Edo Potxoeneara etorrita.