Publicador de contenidos
Atrás

Ugaldea industriagunea eraberritzeko bideari ekin diote poligonoko jabeek eta Udalak

Usurbilgo Udalaren lehentasunen artean dago herriko jarduera sozio-ekonomikoa zaintzea eta sustatzea, eta horri begira beharrezkoa da, Xabier Arregi alkatearen esanetan, egungo industriaguneak eraberritzea. Legealdi honetan aparteko saiakera egin da Ugaldearekin, eta industriagunea zaharberritzeko helburuz, bertako hainbat jabek elkarte bat sortu berri dute: Ugaldea Poligonoko Elkartea. “Hastapenetan gaude, baina bide luze baten ezinbesteko urratsa egin dugu”, nabarmendu du Iker Beristain presidenteak.

22·02·2019


Ugaldea industriagunea eraberritzeko helburuz, bertako hainbat jabek elkarte bat sortu berri dute: Usurbilgo Ugaldea Poligonoko Elkartea. Hain justu, gaur eman dute horren berri Usurbilgo Udalak eta Ugaldeako hainbat eragile ekonomikok, orain arte elkarrekin egindako bide baten emaitza izan dela irudikatzeko eta bidea elkarrekin egiten jarraitu nahi dutela adierazteko. Izan ere, biek ala biek jotzen dute ezinbestekotzat industriaguneak XXI. mendeko parametroetara egokitzea, Usurbilek kalitatezko jarduera ekonomikoak izan eta erakar ditzan. “Herriaren onurarako da”.

Ugaldearen ordezkari gisa, Iker Beristain (Euskovazza) elkarteko presidentea, Iñigo Uranga idazkaria eta Jon Etxeberria (Talleres Mecanicos Manuel Etxeberria) izan dira, eta, Udalaren izenean, Xabier Arregi alkatea eta Alaitz Aizpurua Tokiko Garapen Ekonomikorako zinegotzia.

Legealdi honetan “aparteko saiakera” egin da Ugaldea eremuan. Xabier Arregi alkatearen hitzetan, Usurbilek XX. mendean enpresa asko hartu zituen, eta jarduera industrialak erabat aldatu zuen herriko paisaia, ekonomia eta biziera. “60. hamarkadako moldeen arabera egin ziren, eta horietako asko udalek jaso gabe geratu ziren”, nabarmendu du Arregik: “XXI. mendean gaudela, eguneratze eta eraberritze beharrean daude. Orduan poligono industrial deitzen ziren haiek, jarduera sozio-ekonomikorako eremu modernizatu izatea nahi dugu gaur egun”. Horretarako, berariazko proiektu bat diseinatu du Udalak Ugaldeari begira. Asmoa ez da industriagune berri bat egitea, baizik eta zonalde degradatu bat modu duinean txukuntzea, bertako jarduera ekonomikoa baldintza onetan gara dadin. Gainera, alkatearen irudiko, Ugaldea oso ondo kokatuta dago, “toki estrategikoan”, eta potentzial handia izan dezake etorkizunean, jarduera sozio-ekonomiko berriak erakartzeko. “Hori ez zaie interesatzen soilik bertako enpresariei eta jabeei. Proiektuak interes kolektiboa du, eta herri osoari egingo dio mesede”. Horregatik, goraipatu egin du udala eta jabeen arteko elkarlana, eta etorkizunean bide horretan jarraitzeko deia egin du.

Lehen urratsa: udalak jasotzea

Iker Beristain Ugaldeako elkarteko presidenteak bere aldetik, elkartearen garrantzia azpimarratu du: “Industriagune honek eraberritze sakona behar du. Industriagunea zaharkituta dago, eta oinarrizko azpiegitura eta baldintza egokirik ere ez du, esate baterako, argiztapen egokirik ez, interneterako arazoak, errepideen egoera kaxkarra... Orain artean, enpresa edota jabe bakoitza bere aldetik aritu da bere lantegiaren ingurua, hala moduz, txukuntzen, elkarren arteko koordinazio eta elkarlanik gabe, ikuspegi orokor eta integral baten faltan”. Gainera, aipatu duenez, industriagunea ez dago Udalak jasoa (rezepzionatua), eta, hain zuzen, horixe izango da elkartearen lehen egitekoa. “Ezer baino lehen, industriagunearen gaineko diagnostiko edota azterketa egin nahi dugu: zenbat jabe ote gauden, ze jarduera ekonomiko biltzen dituen poligonoak, zeintzuk diren jarduera bakoitzaren beharrak, zein egoeratan dauden azpiegiturak... Nolabait esateko, beharren azterketa bat egin nahi dugu, aurrez esan bezala, industriagunea rezepzionatzeko”. Horren ardura Gabiria & San Juan Gestion y Fincas SLP enpresari eman diote.

Gaur-gaurkoz 19 jabe dira elkarteko kide, eta, hain zuzen, agerraldia baliatu nahi izan dute falta direnei bat egiteko deia egiteko. Honako hauek dira zuzendaritzako kideak:

  • Iker Beristain preseidentea, Euskovazza
  • Iñigo Uranga, idazkaria, Talleres Mecanicos Manuel Etxeberria
  • Miren Larrañaga, diruzaina, Plasticos Larrañaga

“Hastapenetan gaude, baina urrats hau egin gabe, nekez egin dezakegu aurrera”, nabarmendu du Beristainek. Zentzu horretan, bai Xabier Arregik bai Alaitz Aizpuruak ekimenaren garrantzia azpimarratu dute: “Orain Udalak badu interlokuzio bat Ugaldean. Lan-giro honek ahalbidetuko du urratsak egiten joatea, gure ahalen arabera”.