Publicador de contenidos

Atrás

Udalak emandako diru-laguntzen bidez, 790 herritarrek egin dute kirola eta 5.000 lagunek parte hartu dute kultur ekitaldietan

Diru-laguntza publikoen inpaktua neurtzeko Zirrara metodologiaren sorreran parte hartu du Usurbilgo Udalak. 2016an kultura eta kirol arloetan emandako diru-laguntzak aztertu dira, eta horiek gizartean izan duten eragina. Atzo aurkeztu zizkien emaitzak Jon Abril Elhuyarreko kideak kultura taldeei, Kultura Aholku Batzordean.

24·01·2018


Usurbilgo eta Oñatiko udalek elkarlanean sustatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzarekin, eta Elhuyar eta Sinnple aholkularitzen gidaritzapean, diru-laguntza publikoek duten inpaktu soziala neurtzeko Zirrara metodologia garatu dute.

Usurbilgo kasuan, udalak herriko elkarte eta eragileei 2016an kultura eta kirol arloetan emandako diru-laguntzak aztertu dira, eta horiek gizartean duten eragina. Funtsean, proiektu honen bidez administrazioek egiten dituzten inbertsioak ahalik eta eraginkorren izatea bilatzen da, baliabideak modu optimoan erabiliz, eta erakundearen misioarekin eta bisioarekin, ahal den neurrian, lerratuz.

Emaitzak bi diru-laguntzek herrian duten inpaktua oso nabaria eta beharrezkoa dela utzi du agerian. Hala, 2016an Usurbilgo Udalak kultur arloan emandako 74.652,00 euroei esker 81 ekitaldi antolatu ziren herrian, horietatik 16 lehen aldiz antolatutakoak. Ekitaldien % 98 herritar guztientzat eskuragarriak izan dira, eta % 62 dohainik eskaini zaizkie usurbildarrei. Ekitaldi horietara, gainera, 5.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren. Nabarmentzekoa da, adibidez, ondarea zabaltzeko eta berreskuratzeko ekitaldietan 800 lagunek baino gehiagok parte hartu zutela. Ekitaldi guzti-guztiak euskaraz garatu ziren, eta % 41ean bertaratutakoen jarrera aktiboa bilatu zen. Ekitaldi gehienak herrigunean egin baziren ere, % 33 auzoetan egin ziren, nahiz auzoz auzoko banaketa ez zen orekatua izan.

Kiroletan 45.000 euro bideratu ziren herriko kirol-elkarteetara. Ekitaldi horiei esker, modu iraunkorrean kirola egin zuten 790 herritarrek, horietatik 288 haurrak eta 225 emakumeak. Laguntza jaso zuten elkarteetan, batez beste, 9 lagun aritu ziren aktiboki antolaketa eta prestaketa lanetan. Diruz lagundutako ekitaldiei esker parte hartzaile ia guztiek osasuna hobetu zitzaiela aitortu zuten, % 83ak balio positiboak jaso izana aitortu zuen, eta %76ak kirolari esker autoestimua handitu zuela.

Hobetzeko alderdiak

Azterketak hobekuntzarako proposamenak ere jaso ditu, diru-laguntza horien inpaktua areagotze aldera. Hala, kulturaren kasuan, lagundutako ekitaldien bidez bilatzen diren helburuak edo bete nahi diren hutsuneak gehiago zehaztea proposatzen du txostenak. Eragileen arteko lankidetza areagotzeko neurriak ere proposatu dira, eta ekitaldietan publikoaren partaidetza aktiboa sustatzen jarraitzea. Halaber, auzoetan ekitaldi ugari antolatzen bada ere, ez dira modu orekatuan antolatzen auzo guztietan, eta hori hobetzeko neurriak hartzea proposatu da.

Kiroletakoen kasuan, berriz, kirolean gutxi parte hartzen duten kolektiboentzat laguntzak handitzeko bidea aztertzeko proposamena egiten da, bereziki emakumeak, adinekoak eta ezgaitasunak dituztenak. Arlo horietan ari diren erakundeekin elkarlana sustatzea proposatzen da. Diru-laguntzek, era berean, herritarren osasuna hobetzera, balio positiboak sustatzera, eta herritarren autoestimua handitzera bideratuagoak egon behar dutela ondorioztatu da.

Emaitza eta gomendioak aintzat hartuta, 2018an zehar udalak aztertuko du zein egokitzapen eta hobekuntza txerta daitekeen diru-laguntza deialdietan, eta eragindako elkarteekin aztertuko ditu, beti ere, diru-laguntzekin bilatzen diren asmoak modu eraginkorragoan lortze aldera.

Kultura arloko diru-laguntzen inpaktua irudi batean laburbilduta: