Noticias
Atrás

Udalak 410.000 euro bideratu ditu, orain arte, osasun krisiari erantzutera

Tokiko ekonomia eta euskal kultura laguntzeko zein gizarte babesa indartzeko neurriak adostu dituzte udalbatzako hiru talde politikoek.

14·05·2020


Osasun krisia tarteko, udalak 410.000 euro bideratu ditu, orain arte, horren ondorioei aurre egitera, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, gaur, prentsaurrean (albistearen amaieran). Covid19 dela eta ezarritako konfinamendua hasi zela bi hilabete bete dira gaur: ordutik hartutako neurriak errepasatu, eta horiek izandako inpaktu ekonomikoa eta datozen egunetan martxan jarriko dituzten neurrien berri eman du Solaberrietak, EH Bilduko Beñat Larrañagarekin, EAJko Josune Urkolarekin eta PSE-EEko Patxi Suarezekin emandako prentsaurrekoan. “Ezohiko egoeran, ezohiko argazkiak, ezohiko adostasunak, ezohiko neurriak eta ezohiko proposamenak: Usurbilgo Udala osatzen dugun hiru alderdi politikoen ordezkariak bildu gara, osasun krisi latz honi adostasunez erantzuten ari gatzaizkiolako. Ziurgabetasuna nagusi den garaiotan, adostasuna eta ziurtasuna eskaini nahi dizkiegu usurbildarrei. Herri gisa, batera erantzunez”, nabarmendu du Solaberrietak.

Azken bi hilabeteetan hartutako neurrien oinarria azaldu du alkateak: “Lehen unetik, pertsonak erdigunean jarri, eta kolektibo zaurgarrienengan jarri dugu begirada, elkar-zaintza, elkartasuna eta erantzunkidetasuna oinarri hartuta”. Eta oinarri horri jarraituta hartutako neurri zehatzak ere gogoratu ditu, besteak beste, oinarrizko elikadura bermatzeko dirulaguntzak, ahalik eta zerbitzu publiko gehien mantentzeko ahalegina edo bertan behera utzi behar izandako zerbitzuetako langileak babestekoa, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa indartzea, adinekoen isolamendua eta bakardadea arintzeko deiak eta hondakinen bilketa berezia.

Solaberrietak azaldu duenez, hasieratik, oso aldakorra izan da egoera, arazo eta erronka berriak etengabe sortu direlako: “Ezohiko neurriak eta erabakiak etengabe hartzen ari gara, egunez egun aldatzen ari den egoerari ahalik eta erantzun egokiena emateko”. Udalean ere eragina izango du osasun krisiak, aurreikuspenen arabera, %20 inguru gutxituko baitira diru-sarrerak. “Bistan da horrek 2020ko aurrekontuak berregokitzeko eskatuko digula, alegia, gastuak gutxitzea: gure kalkuluen arabera, 1,6 milioi euro inguru murriztu beharko ditugu”.

Gauzak horrela, orain arte bezala, lehentasunak finkatu eta horren araberako neurriak hartuko ditu udalak aurrerantzean ere: “Gizarte- eta ekonomia-sarearen zaintza dugu lehentasun, eta horretan egingo dugu ahalegin ekonomikoa”. Hiru dira lehentasunak: tokiko ekonomia laguntzea (bereziki, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea), euskal kultura laguntzea (bereziki, tokiko sortzaileak) eta gizarte babesa indartzea.

 

Tokiko ekonomia laguntzea

Azken asteetan, larrialdi egoerak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrean izandako eragina aztertu du udalak, tokiko ekonomiari laguntzeko zein neurri hartu zehaztu ahal izateko. “Ez dugu dudarik: tokiko merkataritza zaindu beharreko sektorea da”, nabarmendu du Solaberrietak. Neurrien berri eman aurretik, zenbait datu eman ditu. Tokiko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratzeko urte hasieran egin zen diagnostikoaren arabera, 108 establezimenduk osatzen dute herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen ehuna, dendetatik hasi eta industria poligonoetan dauden txikizkako establezimenduak barne hartuta. [***Konfinamenduak herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuen alorrean eragindako ondorioen datuak, albistearen amaieran].

Solaberrietak azaldu duenez, osasun krisiak “areagotu” egin ditu tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrak lehendik bizirauteko zituen zailtasunak. Eta, testuinguru horretan, babestu ez ezik, alor hori sustatzea dagokiola nabarmendu du. Horregatik, hainbat egitasmo abiaraziko ditu udalak berehala, “sektorearen likidezia arazoak eta kalte ekonomikoak arintzen laguntzeko, tokiko kontsumoa sustatzeko eta herri izaerako jarduera eta elkartasun portaerak sustatzeko, herritarrak aktibatuz”. Sektoreko herritarrekin hartu-emanean izan da udala, horien berri emateko. Hauek dira:

  • Udal zergak eta tasak: eskaini edota erabili ez den zerbitzuagatik ez kobratzea udal tasarik eta prezio publikorik (hondakinak, terraza), eta zergen ordainketa malgutzea.
  • Itxita dauden Usurbilgo saltoki eta establezimenduetan erosketa edo kontsumo bonuak erosi ahal izateko online plataforma sortzen ari da udala. Lehen fasean, jarduera eten edo fakturazioan galera handia izan duten merkatariei egongo da bideratuta. Webgune horretan, merkatariek, ostalariek eta zerbitzuen alorrekoek euren erakusleiho propioa izango dute, eta bonuak jarriko dituzte salgai. Lehenengo datuen arabera, 50 saltoki inguruk izango dute parte hartzeko aukera, eta jada 30ek baino gehiagok adierazi dute parte hartzeko asmoa. Datorren astean bertan jarri nahi du martxan. Dena den, proiektu honen inguruko guztiak datorren astean emango ditu. Lehen fasean, udalak kudeatuko du webgunea, baina, aurrera begira, herriko merkatarien esku utziko dugun tresna digitala izango da.
  • Erosketa bonuak eskuratzeko %20ko dirulaguntza herritarrentzat. Hiru bonu mota egongo dira, 20, 50 eta 100 eurokoak. Herritarrek izango duten deskontua udalak hartuko du bere gain, baita online bidezko erosketek eragiten dituzten komisioak ere. Udalak, gehienez, 400 eurorekin lagunduko du establezimendu bakoitza. Herritarrek bonuak erosi ahala jasoko dute dirua merkatariek, beren saltokia irekita edo itxita egon. Bonu guztiak saltzeak, 2.000 euroko fakturazioa eragingo die saltokiei. Herritarrek, gehienez, 200 euroko deskontua jaso dezakete, hau da, mila euroko bonu erosketa egiten badute. Egitasmoak harrera ona badu, ez da baztertzen epe motzean beste horrenbeste bonu bideratzea.
  • Dirulaguntza zuzenak itxita dauden taberna, kafetegi eta ostatuetarako, aurkeztutako gastu eta lortutako beste dirulaguntzen arabera, gehienez 400 euro, derrigor itxita eduki behar izan duten epealdia erreferentziatzat hartuta. Dirulaguntzen oinarriak prest daude: alkate dekretuz onartu, eta buletin ofizialean argitaratzen direnean izango da dirulaguntzak eskatzeko aukera. Hamar eguneko epean izan daitekeela aurreikusten da.
  • Herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko komunikazio kanpaina, 2020 osoan iraungo duena. Udala logo, irudi eta euskarri komunikatibo propioak sortzen ari da, eta webgunea aurkeztearekin batera aurkeztuko dugu guztia.
  • Babes ekipamenduen hornidura. Herriko merkatariak babestu eta herritarrek herriko komertzioetan seguru eros dezaten bermatzeko, baita babes ekipamenduen gastua arintzeko ere, hurrengo egunetan euren komertzioa irekiko dutenei maskarak, eskularruak eta gelak banatuta.

Horrez gain, beste dirulaguntza lerro bat martxan jartzeko aukera aztertzen ari da udala, gainerako autonomo eta mikroenpresentzat, tokiko jarduera ekonomikoari laguntzeko, herriko kultur sortzaileak edota ekintzaile berriak babesteko, beti ere, udalaren ekonomikoa aintzat hartuta.

Euskal kulturgintza laguntzea

Euskal kulturgintzak ere “kolpe latza” jaso du larrialdi egoeraren eraginez, eta, horrenbestez, “zaindu, babestu eta lagundu beharreko lehentasunezko sektoretzat” du udalak. Bi hilabeteotan Usurbilgo Artixtek egindako ekarpena nabarmendu du Solaberrietak: “Ezin aipatu gabe utzi herriko sortzaileek, euren borondatez, itxialdi honetan eskaini diguten kultur eskaintza paregabea. Zorretan gaude, nolabait esateko”. Baldintza berrietara egokituko den “kultur eskaintza berri eta indartsua” osatu nahi du udalak, eta Solaberrietak gogoan hartu ditu aste honetan herriko talde eta jai batzordeekin udaleko kultura saila egiten ari den bilera sorta. Osasun eta segurtasun baldintzak kontuan hartuta, Internet bidez eman edo kalean hainbat eratara egin daitezkeen kultur ekimenak indartzea dute aztergai.

Astelehenean, hain zuzen, Santixabeletako jai batzordearekin bildu zen udaleko kultura saila, eta Santixabelak egin egingo direla aurreratu zuten, osasun krisira egokituta.

Gizarte babesa indartzea

Gizarte babesa indartzeko bi neurri hartu ditu udalak. Batetik, konfinamenduaren hasieran oinarrizko elikadura bermatzeko dirulaguntza, ezohiko bidetik emandakoa, ohiko bideetara emateko lanean ari da udala. Bestetik, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak indartzea erabaki du udalak. Oinarrizko gastuei aurre egiteko balia daitezke Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, eta udaleko gizarte zerbitzuen bidez eskura daitezke. Osasun krisia eragiten ari den krisi ekonomikoa ikusita, laguntza horren aurrekontua handituko du udalak, eta laguntza horien inguruko eskuorri bat banatuko du hurrengo egunetan etxez etxe, herritarrei zer diren azaltzeko eta eskatzeko nora joan behar duten. “Garrantzitsua da oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrak gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzea, dauden laguntzen eta baldintzen berri izan dezaten”.

Udalaren berrantolaketa

Beñat Larrañaga zinegotziak udala baldintza berrietara egokitzeko neurriak azaldu ditu. Haren esanetan, udalaz gaindiko erakundeen irizpideak bete behar dituzte, eta horren arabera jarri martxan udal-zerbitzuak. “Hasieratik, herritarrez gain, udal-langileak ere kontuan izan ditugu, telelana hobetsiz eta kontziliazioa ahalbidetzeko malgutasunez jokatuz”. Hala, telelanean ari dira hainbat udal-langile, eta udal-zerbitzuak martxan jarri ahala itzuliko dira euren lanpostuetara. Dena den, iragarri bezala, gaur jarri dituzte martxan udaleko eta gizarte zerbitzuetako harrera zerbitzuak: derrigorrezkoa izango da zita hartzea. Telefonoz (udaletxea: 943 37 19 51; gizarte zerbitzuak: 943 37 71 10) edo posta elektronikoz (udaletxea: erregistroa@usurbil.eus; gizarte zerbitzuak: gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus) hartu beharko dute hitzordua, baita zer motatako tramitea egin behar duten zehaztu ere.

Udaleko langileek baloratuko dute ea beharrezkoa den udalera joatea edo Internetez edo telematikoki egiteko modukoa ote den tramite bakoitza. Modu horretara, jende pilaketak saihestu nahi ditu udalak: kontsulta bakar bat egingo da txanda bakoitzean, eta, gehienez, bi herritar sartu ahal izango dira batera (bietako batek laguntza beharko balu, hirugarren batek sartu ahal izango luke). Zita hartzen ez duenari ez zaio bermatuko arreta jasoko duenik.

Hauek dira udalean aurretiazko zita eskatuta egin ahal izango diren tramiteak:

  • Biztanleen udal erroldan alta eta aldaketei dagozkien tramiteak.
  • Eskabide orokorrak: etxeko obrak, dirulaguntza eskaerak...
  • Zerga ordainagirien dokumentuak eskatzea [ezingo da eskudirutan ordaindu].

Hauek, berriz, gizarte zerbitzuetan egin ahal izango direnak:

  • Telematikoki edo telefonoz bideratu ezin diren tramitazio edo eskaerak.
  • Gizarte zerbitzuetako lantaldeak egindako balorazioaren arabera, ezinbestekoa den egoeratan.

Segurtasun neurrien garrantzia nabarmendu du udalak, eta harrerako langileek emandako irizpideak jarraitzea derrigorrezkoa izango da. Izan ere, zenbait tramite udaletxe kanpoan eginda konpondu daitezke (dokumentu baten bila doazenen kasuan, esaterako): kaxa bat jarriko dute, dokumentuak hor utzi eta herritarrek har ditzaten, distantziak mantenduz. Gainerakoan, eraikin barruan ere hartuko dituzte herritarrak. Langileen mahaiak babestu eta distantzia mantentzeko pantailak jarri dituzte. Ahal dela, nork bere maskara eramateko eskatu dute; ezin denean, langileek emango diote, eta eskuak garbitu beharko dituzte sartu aurretik. Kontsulta bat amaitzen den aldiro, herritarra egon den aulkia desinfektatuko du udal-langileak, hurrengoa sartu aurretik.

Horrez gain, aurrerantzean, udaletxe barruko jende mugimendua murrizte aldera, ate desberdinetatik sartuko dira eraikinera udal-langileak eta herritarrak: langileak Joxe Martin Sagardia plazatik sartuko dira, eta herritarrak, Irutasun kaletik (Txalakaren aldetik). Gizarte zerbitzuen kasuan, atea itxita egongo da [udal-langileek irekiko diete atea zita dutenei]. Horrez gain, udal-langileei begira, protokolo bat osatu dute eta denei helarazi, testuinguru berrian hartu beharreko segurtasun neurriak eta gomendioak zeintzuk diren jakin dezaten.

Data berriak

Beste zenbait udal-zerbitzuren inguruko datak zehaztu ditu Larrañagak:

Ekainaren 1a

  • Liburutegiko mailegu sistema jarriko da martxan.
  • Potxoeneako lokalak herritarren erabilerarako irekiko dira.
  • Kultur ekintzen agenda berraktibatuko da.

Ekainaren 15a

  • Liburutegira sartzea baimenduko da.
  • Ekainaren erdialdera
  • Kiroldegiaren irekiera: oraindik ez da ziurra zein egunetan irekiko den, baina Buruntzaldeko beste kiroldegiekin inguru horretan irekitzea aztertzen ari dira.

Gainerako zerbitzuetan bezala, zerbitzu horiek martxan jartzen direnean, ezingo dira lehen bezala eman: higiene arauak izango dira, aforoa kontrolatu beharko da eta zerbitzuak ezingo dira beren osotasunean eskaini (kiroldegian, esaterako). Badira zenbait udal-zerbitzuk oraingoz irekiera datarik ez dutenak: Taxibusa, Gaztelekua, Ludoteka, zaharren egoitzak, Harane... “Erabaki gehiago hartzeko moduan gaudenean, jakinaren gainean jarriko ditugu herritarrak”.

Udal artxiboari dagokionez, ezinbesteko informazioa lortzeko baino ez da irekiko; ikerketa eta kontsulta historikoak ez daude baimenduta, oraingoz.

 

***Taulak. Hartutako neurrien inpaktu ekonomikoa.

1.- Datuok islatzen duten bezala, oraingoz, Covid19k eragin duen krisi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko, udalak 410.000 euro bideratu ditu, zuzenean ala zeharka.

Neurriak

Inpaktu ekonomikoa

Udal tasak eta zergak: alarma egoeran zerbitzua emateari utzi zaiolako edo zerbitzuez gozatzeko modua aldatu delako, hainbat udal tasa edo zerga ez dira kobratuko

290.000

Elikadura bermatzeko dirulaguntzak

20.000

Online plataforma sortzea

10.000

Erosketa bonuak eta dirulaguntzak

50.000

Babes ekipamenduak eta desinfekzioa eta garbiketa ugaritzea (udalarentzat, adinekoentzat eta merkatarientzat)

20.000

Herriko merkataritza sustatzeko komunikazio kanpaina eta bestelako behar komunikatiboak

20.000

GUZTIRA

410.000

 

2.- Aurrerantzean hartuko diren neurriak.

Oraindik zehaztu gabekoak

Inpaktu ekonomikoa

Udal zerbitzuak eteteagatik azpikontratatutako enpresei kalte-ordainak ordaintzea

Ezezaguna

Gizarte-laguntzetarako aurrekontua handitzea

Beharren araberakoa

Kultur eskaintza egokitzea

Orain arteko partidetatik,
dirulaguntzetatik

 

*** Tokiko merkataritzari lotutako datuak.

Jarduera ekonomikoa eten beharra izan duten negozioak: 74 (%68,5).

  • Merkataritzan itxi 15ek, 40tik.
  • Ostalaritzan, guztiak itxita, 38 jarduera.
  • Bestelako zerbitzuetan, 29tik 21 itxita (edo larrialdiko zerbitzuetarako bakarrik).

Merkataritzan:

  • Jarduerarekin jarraitzeaz gain, salmentak igotzea lortu dutenak: 8.
  • Salmentak egonkor mantentzea lortu dutenak: 10.
  • Jarduerarekin jarraitu arren, salmentak jaitsi zaizkienak: 15.

Enpleguarekiko eragina,

  • Jarduera eten behar izan duten negozioetakoa: 248 (101 autonomo eta 147 langile kontratatu); enplegu osoaren (357 langile) %69.
  • Enpleguan eragin handiena, ostalaritzan (166 enplegu) > gero, bestelako zerbitzuetan (42) eta > hirugarrenik, merkataritzan (40).

Itxi beharrean aurkitu diren jardueretako jaitsiera fakturazio bolumenean (5 astekoa):
-2.079.892 €.

Covid 19ren zuzeneko eragin ekonomikoa, guztira, irekitakoen fakturazio jaitsiera barne (5 asteko epealdian ): -2.746.710 € (ohiko fakturazioarekiko, %64ko jaitsiera).

Arazo nagusiak:

  • Likidezia: diru-sarrerarik ezean, egiturazko gastu eta ohiko gastu finkoen ordainketei aurre egiteko zailtasunak.
  • Galera ekonomikoak, salmentetan izandako jaitsierek eragindakoak.
  • Enpresa-ziurgabetasuna: egoera bere onera itzuliko da? noiz?