Publicador de contenidos

Atrás

Udal-gobernua: "Aire-kalitatearen neurketa egokia eta zorrotza bermatu nahi izan du Udalak"

Aire-kalitatearen neurketei buruz EAJk esan dituenei erantzunez, udal-gorbernuak prentsa-oharra kaleratu du, eta gai honek udalean izan duen ibilbidearen berri eman du, xehetasun osoz. Haien esanetan, Udalak ez du airearen kalitatea neurtzeko hainbat herritan jarri diren kabina jartzea eragotzi, ez eta "baldintza arbitrario edo zentzugabeak" jarri, EAJk salatu duen bezala. "Oso bestela izan da. Arrazoizko baldintzak eskatu ditu, airearen neurketa taxuzkoa egin dadin. Gutxien-gutxienekoak eskatu ditugu". Horregatik, Udalak arduraz eta erantzukizunez jokatu duela iritzi dio.

04·06·2018


EAJ-PNVri erantzunez, udal-gobernuaren prentsa-oharra:

Usurbilgo EAJ-PNVren udal-ordezkariak, oraingoan, aire-kalitatearen neurketa erabili nahi izan du, alkatearen jokabidea kritikatu, oztopatzailea dela esan, eta gardentasun falta leporatzeko.

Gai honek izan duen bilakaera zehaztea merezi du, gertatutakoa oso argigarria eta jakingarria baita. Puntuz puntu xehatuko dugu gertaeren katea.

1. Eskaera heldutakoan, gai hau Ingurumen Sailetik tramitatu zen, eta hala tratatu da harrezkero.

2. 2017ko irailaren 11n Ingurumen Batzordean aurkeztu zen. Josune Urkolak, EAJ-PNVren bozeramaileak, dio gaia “sekretu handienean” mantendu dela, eta honen berri orain jakin dutela. Sinestezina badirudi ere, Josune Urkola batzorde hartan zen. Batzorde hartako aktan honako hau irakur daiteke (jatorrizkoaren laburpena): “EKONDAKIN enpresak, erraustegia eraikitzeko lehen faseko obren esleipendunak, [...] kalitatearen zaintza egin beharra dauka [...]. Gauzak horrela [...] bi kabina jartzeko baimena eskatu du. Irailaren 7an bildu ziren udalarekin. Oraindik ez da kokapena zehaztu. Baimena ematerakoan neurtu beharreko parametroak zehaztu eta datuen erabilera bermatuko da.”

3. Geroztik, gai honen tramitazioa batzordean erabakitakoaren arabera egin da, eta ez da irizpiderik edo jokabiderik aldatu.

4. Udalak badu eskumena gai honi dagokionez, besteak beste, EAEko 3/98 Ingurumen Legearen 34. atalak ematen diona. Hortaz, utzikeria litzateke Udalaren aldetik dagokion eskumenari muzin egitea.

4. Ekondakinek 2017ko irailaren 22an kabinak instalatzeko baimena eskatu zuen.

5. 2017ko abenduaren 1ean, baimen-eskaera horri dekretu bidez erantzun zitzaion, eta 2017/1213 dekretuan honakoa jasotzen da hitzez hitz:

"Udal baimena ematea, ondorengo baldintza berezi hauek betetzekotan:

      • Estazioen kokapena: bat Zubietan, larrialdi gunearen atzean, eta besta Usurbilen, Estraperlo kalearen hasieran.

      • Usurbilgo kaxkoko eta Zubietako kabinek O3, BTEX, Nox, PM10, PM2,5 SO2 eta kontrol meteorologikoko parametroak neurtuko dituzte (airearen norabidea barne)

      • Usurbilgo Udalak, momentu oro, neurtzen ari diren parametroetara sarbidea izango du.

Kabinak kokatu eta abian jartzeko beharrezkoak diren instalazio lanak interesatuak egingo ditu eta horretarako beharrezko obra baimena eskatuko du.

6. Dekretu hori posta elektronikoz zabaldu zitzaien zinegotzi guztiei, tartean, noski, EAJ-PNVko zinegotzi guztiei.

7. Ikusten denez, Udalak ez ditu baldintza arbitrario edo zentzugabeak jarri. Oso bestela, arrazoizko baldintzak eskatu ditu, airearen neurketa taxuzkoa egin dadin gutxien-gutxienekoak. Arduraz eta erantzukizunez jokatu du Udalak.

8. 2017ko abenduaren 28an Ekondakinen erantzuna jaso zen, esanez parametro gehigarri hauek ez direla aipatzen 2017ko apirilaren 8ko Eusko Jaurlaritzako ebazpenean. Honakoa ere jasotzen zen: ”Dena den, baldin eta neurtzeko ekipamendu eta parametro berri horiek beharrezkoak direla uste baduzu, eskertuko genizuke Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea haren baimena lortzeko; izan ere, guk indarrean dagoen ebazpena baino ezin dugu zehazki bete.”

9. 2018ko maiatzaren 4an, GHK-k jakinarazpen bat helarazi zion alkateari, eta adierazten du aire-kalitatea kontrolatzeko kabina instalatu nahi duela oraindik ere.

10. Beraz, sustatzaileek Udalaren esku utzi nahi izan dute Eusko Jaurlaritzarekin egin beharreko gestioa. Ekondakinek (eta GHK-k) baimena eskatu, eta Udalari al dagokio Jaurlaritzarekikoak lantzea? Edozein espedientetan, eskatzailearen ardura da eskaeran ezarritako baldintzak dagokionarekin negoziatzea. Gainera, bestela ere, ez al da ebidentea guk baino irismen eta eragin handiagoa dutela Eusko Jaurlaritzan, eta, nahi izanez gero, askoz eraginkorragoak izango direla?

11. Hala ere, jarrera horrek beste galdera batzuk ekartzen dizkigu: Zergatik ez dituzte bete nahi Udalak jarritako arrazoizko baldintzak? Zeren beldur dira? Eta horren ondorioz: gutxieneko baldintza horiek bete ezean, ez al da itxurakeria hutsa, eta beren burua zuritu nahia, atzetik darabilten asmoa?

EAJ-PNVk hobe luke Ekondakinen eta GHKren bozeramaile huts izatea baino, benetan aire-kalitatearen neurketa egokiaren alde egingo balu. Eskertuko genieke, bide batez, udal-jarduera gaineko galderak eta kezkak sortzen zaizkienean, zuzenean udal-gobernuko kideoi eta udal-teknikariei helaraztea. Horretarako ere bagaude-eta. Orain arte bezala, ez dugu arazorik zalantzak argitzeko.