Publicador de contenidos
Atrás

Sexu erasoei aurre egiteko gida eta protokoloa landu ditu Udalak

Santixabelak ate joka ditugun honetan, Usurbilgo Udalak garrantzia berezia eman dio festaz gozatzeko guztiok dugun eskubideari. Izan ere, festa giroa ez da berdin izaten guztiontzat. Emakumeek festak askatasunez eta berdintasunez disfrutatu behar dituzte, sexu erasoen beldur sentitu barik, seguru sentituta eta eurenak ere badiren tokiak edota espazioak ukatu gabe. Horregatik, festen testuinguru honetan, bi ekimen jarri ditu martxan Udalak: Alde batetik, eraso matxistarik gabeko jaiak lortzeko helburuz, sexu erasoen gida banatu da etxez etxe. Bestetik, gerta daitekezkeen eraso matxisten aurrean, esku hartzeko protokoloa landu du, txosna batzorde eta gazte mugimenduarekin, Sortzen elkartearen laguntzaz. Hori dela eta, festa hauetan boluntario batzuk besoko morea eramango dute, erasotua laguntzeko helburuz.

27·06·2019


Jaien testuinguruan, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak, txosna batzorde eta gazte mugimenduarekin batera, eta Sortzen elkartearen laguntzaz, sexu erasoei aurre egiteko bi ekimen jarri ditu martxan: alde batetik, sexu erasoen gaineko gida bat osatu du eta gaur ari dira etxez etxe banatzen; eta, bestetik,gerta daitezkeen eraso matxisten aurrean, esku hartzeko protokoloa landu du. Protokolo hori txosna batzordeko zein tabernariei aurkeztu zaie. Izan ere, Udalak garrantzia berezia ematen dio festaz gozatzeko guztiok dugun eskubideari. Izan ere, festa giroa ez da berdin izaten guztiontzat. Emakumeek festak askatasunez eta berdintasunez disfrutatu behar dituzte, sexu erasoen beldur sentitu barik, seguru sentituta eta eurenak ere badiren tokiak edota espazioak ukatu gabe. Izan ere, neska gazteek aitortzen dute oraindik ere jaiak eta gaua ez direla eurenak. Irteten diren bakoitzean espazio horiek eskuratzeko borroka neketsua egin behar dutela esaten dute, aisialdirako gune horiek askotan kontrako eremu bezala bizitzen baitituzte: keinuak, begiradak, «halabeharrezko» igurtziak, eskatu gabeko piropoak eta azken finean mutilen etengabeko «lerde jarioa» espazio horien ezaugarri direlako.

 

Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan, festak gizartearen isla izan ohi dira, baina festetan dena ez da libre. "Udaran, festa eremuan, emakumeen kontra ematen diren jazarpenak ugaritu egiten dira (hitzezko abusuak, ukituak, bortxaketak…). Baina, tamalez, hainbat jarrera, festa giro horretan, normaltzat hartzen ditugu oraindik ere, eta, beraz, ez ditugu erasotzat jotzen; are gutxiago, jai eta festa giroetako testuinguruetan, erlatibizatu egiten ditugu, garrantzia kendu. Egia da gizartean gero eta kontzientzia handiagoa dagoela mugimendu feministak egin duen lanari esker, baina oraindik badago zer egina".

 

GIDA:

  • Indarkeria matxista zer den definitzen du gidak. Ikuspegia zabaltzen du, eta emakumeek eta LGTBI kolektibokoek jasaten duten indarkeria barnebiltzen du.

  • Halaber, ikusiko dugunez, indarkeria matxistak mila aurpegi, mila ahots, mila adierazteko forma eta esparru ditu. Ez daukala mugarik eta gaur egun eredu kapitalista heteropatriarkalak sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak bizirauteko eta mantentzeko tresna da.

  • Halaber, sexu erasoa zer den eta zer onarpen sexuala argiki jasotzen du. Mezu argia ematen da: Solik bai da bai.

  • Eraso matxistaren bat jasaten bada, egin beharrekoaren inguruko azalpenak ematen dira.

  • Gurasoentzat oharrak ere ematen ditu, alabei eta semeei eman beharreko mezuak. Alaben kasuan, hiru mezu azpimarratzen dira nagusiki: batetik, erakustea berak nahi duenean eta nahi duenari EZETZ esatea posible dela; bestetik, beldurra eragiten duten mezurik ez helaraztea eta, hirugarrenik, errua alabari ez botatzeko, erasoren bat sufritu duela kontatzen badio: erasoaren ardura beti da erasotzailearena, inoiz ez erasoa jasan duenarena. Semeen kasuan: semeari igortzen dizkiogun mezuak lagun dezakete jaiak denontzat espazio seguru bihurtzen, eta horretan familiek duten ardura azpimarratzen da.

 

PROTOKOLOA:

  • Usurbilen aisialdi edota festa eremuetan gertatzen diren eraso matxisten aurrean esku hartzeko protokoloa da. Beraz, eraso matxisten aurrean nola jardun jasotzen da. Esaterako, norbaitek erasotua izan dela esan eta laguntza eskatzen badizu edo eraso baten berri badaukazu, nola jokatu zehazten du; nagusiki, ez ezazu epaitu, ez ezazu bakarrik utzi, ez itzazu erabakiak hartu galdetu gabe... Halaber, eraso matxista txosna eremuan edota taberna batean ematen bada, zer egin zehazten du.

  • Protokoloaren haritik, festa hauetan hainbat herritarrek besoko morea eramango dute, erasoren bat jasan duenari laguntzeko helburuz.