Sexismoa ez oparitzeko gida
06·12·2017
"Ipuinak oparitu eta irakurtzen dizkiegu haurrei, baina zein balore helarazten dizkiegu?". "Zein jendarte mota nahi dugu gaur egun eta etorkizunean?". Halako galderak plazaratzen ditu Sexismoa ez oparitu gidak, haurrei jostailuak eta ipuinak oparitu aurretik, hausnarketa egin dezagun bultzatzeko. Usurbil, Hernani, Andoain eta Astigarrako udalek kaleratu berri duten gidak lagungarri izan nahi du bide horretan. Jostailu eta ipuinen aukeraketan, kontuan hartu beharreko zeinbait irizpide ematen ditu, hala nola honakoak: inor baztertu gabe, edozein umerentzat egokiak direnak; generoaren ikusmolde estereotipatua eta sexista transmitzen ez dutenak izatea, hau da, haurren jokabidea haien generoaren araberakoa izatea bultzatzen ez dutenak; gaitasun indibidualak (pentsatzeko gaitasuna, irudimena, sortzailetasuna edo jakinmina, kasu) eta sozialak (komunikatzeko, laguntzeko edo besteen tokian jartzeko gaitasuna, kasu) sustatzen dituztenak, eta abar. Hala, adin tarte bakoitzerako egokiak diren jolas, jostailuak eta ipuinen gidatxo bat azaltzen da.