Publicador de contenidos

Atrás

Puntu beltzei herri gisako soluzioa emateko, lantalde bat eratzea proposatu du alkateak

Atzo arratsaldeko udalbatza saioan, Troiako pasaguneari buruz EAJk aurkeztutako mozioa aztertu zen, eta eztabaida sutsua eragin zituen mozioaren edukiak EAJ eta Ehbilduren artean. Alkateak orain arte egin den lanari irain egitea leporatu zion EAJri. Edonola ere, ika-mika bazterrean uzteko eta herri klabetan jarduteko deia egin zuen alkateak. Hala, lantalde bat eratzea proposatu zuen, eta alderdi politiko guztiei eta herritarrei parte hartzeko deia egin zien. “Herritarrek eskertuko digute”, adierazi zuen

28·03·2018


Herriko puntu beltzei soluzio duina eta osoa ematea lehentasunezkoa da udal gobernuarentzat, eta, horregatik, lantalde bat osatzeko proposamena egin zuen atzoko udalbatza saioan Xabier Arregi alkateak. Alderdi politikoak, herritarrak eta udal teknikariak elkarrekin lanean aritzeko gunea izatea nahi du, eta guztiek begi onez ikusiko luketen konponbide bat adostea da helburua. “Herri gisa jardun behar dugu beste erakundeen aurrean”, azpimarratu zuen. Troiako pasaguneari buruz EAJk aurkeztutako mozio baten testuinguruan egin zuen proposamen hori alkateak. Oro har, guztiek begi onez hartu zuten ekimena.

Edonola ere, aurretik eztabaida sutsua izan zuten Ehbilduk eta EAJk, azken honen mozioaren edukien harira. Mozioak EAJren eta PSEren babesa baino ez zuen izan, eta, horrenbestez, ez zuen aurrera egin.

Ezer baino lehen EAJk argitu nahi izan zuen, mozioan 'alkatea' jartzen duen lekuan udal gobernuaz ari direla. Hori zuzendu nahi izan zuten mozioa eztabaidatzen hasi aurretik, baina bozketara mozioa bere horretan eraman zuten, ez baitzuten aldaketa egiteko eskatu. Lehenik eta behin, EAJk salatzen du ez dutela Troiako pasabideaz “inolako informaziorik” jaso udalean, eta “beste edozein herritar bezala prentsa eta publizitatearen bitartez” jakin dituztela “alkatearen asmoak”. Xabier Arregi alkateak “gezurretan” aritzea leporatu zien. EAJko ordezkariek aitortu zuten beraiek mozioan jartzen dutena ez dela egia. Okerra, nonbait, Hirigintza-Batzordea Noaua!! argitaratu baino egun batzuk beranduago egitea izan zen. Alkateak adierazi zuen albisteak zuen garrantziagatik herritarrei eta hautetsiei lehenbailehen informatzeko erabakia hartu zutela.

Bestalde, EAJren irudiko, ETSk Troiako pasabiderako egin duen proiektua “gauzatu ezinezkoa” da, ez baita “errealista eta ez zentzuzkoa” 2,4 milioi euro gastatzea oinezkoen pasabide bat egiteko: “Gure ustez badaude soluzio egingarriak eta udal gobernuak bere alderdi interesak alde batera utzita, berari dagokion erantzukizunari aurre egin behar dio eta beste erakundeekin jarrera konskruktiboan lan egin”. Kritika horren harira, Xabier Arregik gogorarazi zuen proiektu horren lanketa teknikoa ez duela udalak egin, eta proposatu den soluzioak alde guztien iritziak jasotzen dituela. Hain zuzen ere, Diputazioko teknikarien oharrei kasu eginda proposatu du ETSk errepide eta trenbide gainetik pasabide bat egitea. Hain zuzen, proiektu horrek 2,4 milioiko aurrekontua du, eta horixe da Diputazioak finantzatu nahi ez duena. “Ez dakit proiektuaren kostua merkatu daitekeen, baina beste hainbat herritan kostu hori edo handiagoa duten proiektuak ari dira bultzatzen. Beraz, zergatik da astakeria geurean?”, galdetu zuen alkateak. Une oro udal gisa eta herritar guztien mesederako ari direla lanean azpimarratu zuen alkateak, “eta ez alderdi gisa”. Halaber, alkateak gogorarazi zuen ETSk landu duen proiektua oso serioa dela: “Honaino iristea asko kostatu zaigu, eta zigor gogorra da usurbildarrentzat proiektu hau kaxoi batean gorde nahi izatea, besterik gabe”.

EAJk aurkeztutako mozioan beste kritika bat ere egiten zaion EHBilduri: aurreko legealdian “ezer ez egitea”, hain zuzen ere. Horren harira, alkateak gogorarazi zien aurreko Diputazioak bidegorria Lasarte-Oriaraino egin zuela eta dena prest utzi zuela Usurbil arteko zatia egiteko. Hain justu, 2017ko aurrekontuetan Diputazioak diru-partida bat ere bideratu zuen zati hori egiteko: “2018an gaude eta ez dago konpromisorik zati hori egiteko”.

Bakoitza bere aldetik

Diputazioak ETSko proiektuari ezezkoa eman dionetik, egoera asko okertu da, izan ere, orain erakunde bakoitza bere aldetik dabilelako lanean, “bakoitza bere soluzioa lantzen”. Hala, Diputazioak udalera bidali berri duen proiektu-zirriborro bat erakutsi zuen alkateak: Troian semaforo bat eta zebrabide bat egitea proposatzen dute. Beste aldetik, ETS trenbide-pasagunean barrerak jartzea ari da aztertzen, “ez baitago prest goiko pasarela osorik berak bakarrik ordaintzeko”. “Hori da soluzioa?”, galdetu zuen alkateak. Udalbatzan zinegotzi batek baino gehiagok adierazi zuen kezka berriki Diputazioak mahai gainean jarri duen aukeraren gainean, izan ere, oso arriskutsua dela ohartarazi zuten. “Ez dago tokirik gune horretan, barrerak altxa arte zain egoteko”.

Horregatik, alkatearen irudiko, ezinbestekoa da Troiako pasabidearen gaiari modu integral batean heltzea, izan ere, haren esanetan, soluzioak, edozein dela ere, oinezkoen eta bizikleten zirkulazio segurua eta egokia ahalbidetu beharko luke, bai N-634 errepidean, bai trenbidean, bai eta Ugaldea industrialderako igarobidean. Horregatik, alkatearen aburuz, derrigorrezkoa da proiektu bateratu eta eta koordinatu bat martxan jartzea, eta administrazioen arteko elkarlana. “Usurbilgo Udalak ez dio ezezkorik esan baldintza horiek betetzen dituen inolako proposameni”. Halaber, udalak berari dagokiona egiteko eta ordaintzeko borondate osoa duela azpimarratu zuen. Udala saiatzen ari da Foru Aldundia, ETS eta hiruren arteko bilera bat antolatzen, ez baitu egoki ikusten bakoitza bere aldetik aritzea.