Publicador de contenidos

Atrás

Parte-hartze prozesuetako egitasmoek izango dute lehentasuna 2019ko aurrekontuetan

2019an Usurbilgo Udalak 12 milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du, iaz baino 700.000 euro gehiago, eta, horrenbestez, inbertsioetarako, besteak beste, diru gehiago izango da. Egunotan herritarren ekarpenak jasotzen ari dira. Gaur, zehazki, Artzabalen izan dira herriko pentsionista eta adinekoei proposamena aurkezten, eta herritar dezente bertaratu dira. Abenduaren 20ko osoko bilkuran onartuko dituzte.

05·12·2018


Udazken betean gara, eta heldu da datorren urteari begira jartzeko garaia. Izan ere, herriko diru-kutxa, usurbildarron dirua, nola eta zertan erabiliko den erabakitzeko momentua da. Behin-betiko erabakia hartu aurretik, ordea, parte-hartzeari lehentasuna eman, eta herritarren eta oposizioaren ekarpenak biltzeko asmoz, udal-gobernuak bilera ugari egin ditu Usurbilgo herri/auzoetan. Orain, jasotako proposamenei tokia egin, eta abenduaren 20ko osoko bilkuran onartuko dituzte, behin-behinean. Hauxe da bilerotan udal-gobernuko kideek aurkeztu duten aurrekontu-proiektua.

12 milioiko aurrekontua
2019an Usurbilek 12 milioiko aurrekontua izango du, hau da, iaz baino 700.000 euro gehiago izango ditu gastatzeko. Inbertsioek azken urteotan goranzko joera izaten ari da. Krisia 2008an hasi bazen ere, Usurbilek beranduago nozitu zuen. 2013. urtean, esaterako, krisiaren eragina oso nabarmena izan zen, izan ere, bi urtetan, ia lau milioitan murriztu zen aurrekontua: 2011n 14 milioikoa zen udal-aurrekontua; eta, 2013an, aldiz, 10 milioikoa. 2011ko zenbakietatik urrun bagaude ere, datorren urterako diru
gehiago izango du Udalak, nagusiki, bi arrazoiengatik: batetik, urbanizazio berriak sortuko dira; eta, bestetik, Diputazioak udaletara bideratzen duen foru-funtsa handitu egin da.


Gastuak, lau ataletan banatuta
Udalen gastuak, kontabilitate orokorrean, zazpi kapitulutan banatzen badira ere, udal-gobernuak bere herri-proiektuaren arabera sailkatu ohi ditu, eta lau kontzepturen arabera antolatzen du dirua: herri- nortasuna, herri-eredu jasangarria, ongizartea eta udala herriaren zerbitzura. Hala, Usurbilek berezkoak dituen herri-nortasuna eta baloreak zaintzeko eta babesteko, 1,3 milioi bideratuko dira datorren urtean. Multzo horren barruan daude euskara, kultura, hezkuntza, parekidetasuna eta aniztasunaren arloetara bideratzen diren diru-partidak.  Hain zuzen, balore horien gainean eraiki nahi da Usurbil jasagarria, eta zeregin horretarako 3,7 milioi euro emango dira. Horren guztiaren helburua ongizartea eraikitzea da, hots, usurbildarrak, haur, gazte zein adineko, ondo eta duintasunez bizitzea, eta helburu horretara bi milioi euro bideratuko dira. Garapen ekonomikoa, gizarte zerbitzuak eta kirola, besteak beste, horretarako bitarteko dira eta helburu horren zerbitzura jarri dira.

Hortaz, herri-proiektu hori aurrera eramateko, udal-gobernuak udala herriaren zerbitzura jarri nahi du eta baliabide propioei lehentasuna eman. Horren lekuko da, esate baterako, pertsonalgo-gastuak aurrekontu osoaren % 33 hartzea. Xabier Arregi alkatearen esanetan, zenbaki horren atzean, “hautu politikoa” dago: “Udalak langile asko ditu, azpikontratazioa, ahal den neurrian, baztertu egiten dugulako. Langileak, gainera, lan-baldintza onetan izan nahi ditugu, azken batean, herriarentzat inbertsio bat delako”.

Diru-laguntzetarako, 800.000 euro
Gastu arrunten barruan sartzen dira Udalak urtero kaleratu ohi dituen diru-laguntzak. Diru-poltsa handia bideratzen da: 800.000 euro. “Herri gutxi izango dira guk adina diru bideratzen dutenak. Hori ere apustu politikoa da. Auzolanari, elkarlanari, herrigintzari ematen diogun garrantziaren isla da. Herri bizia izatea eta ondo funtzionatzea da gure helburua”.

Inbertsioak: 1.830.000 euro
Inbertsioen atalean lehentasuna izango dute, batik bat, legealdi honetan herritarrekin egindako parte hartzeko prozesuetan proposatu diren ekimenek. Hala, Usurbil 0.0 hondakinak kudeatzeko plangintzan, mugikortasun-planean edota Oria ibaiaren ingurua biziperritzeko planean aurreikusten diren hainbat ekimen gauzatuko dira. Hona hemen adibide batzuk:

. Aginagarako egitasmoak: Bi proiektu gauzatuko dira 2019an, biak ala biak Kale Irekiak prozesuan eskatutakoak. Batetik, Elutxetik herrigunera joateko bidea egiteko diru-partida aurreikusi da (30.000 euro), eta, bestetik, Aginagako erriberan, Eizazpi eta Origain arteko bidea txukunduko da (65.000 euro).

. Pikaola eta Saizar arteko espaloia: Harane futbol-zelaira igotzeko, herriko gaztetxo askok erabiltzen duten errepidea da, eta ez da batere segurua. Kale Irekiak prozesuan eskatu zen oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Horretarako, 162.000 euro bideratuko dira.

. Ugartondoko urbanizazioa: Ia 500.00 euro bideratuko dira, eta, besteak beste,  Ugarte baserri aurreko bidea, Haur Eskolara doana, konponduko da, herritarrek eskatu bezala.

. Santuenerako egitasmoak: Auzoko beheko errepidean oinezkoentzat zati bat nola egin aztertzeko proiektua egingo da, batetik, eta, bestetik, Oria ibaiarekin harremana bermatzeko ‑Errioa Bizi planean jaso bezala‑, lurrak erosi eta bide bat egingo da auzoa eta ibaia lotzeko.

. Ibaiertza txukundu: Errioa Bizi! ekintza-planean jaso bezala, Zumartegiko ibaiertza txukundu egingo da: 110.000 euro.

. Kalezar: Auzotarrek eskatu bezala, datorren urteko aurrekontuetatik 100.000 euro bideratuko dira Pelaioenea etxeko egitura eta teilatua birgaitzeko.

. Ur sarean eta sisteman hobekuntzak: 265.000 euro. Hiru egitasmo gauzatuko dira diru-partida horrekin. Batetik, Erroizpeko presan filtrazio-sistema ezarriko da, presako ura ere erabili ahal izateko; bigarrenik, Aginagan, ur-sareko zati bat berrituko da; eta, hirugarrenik, ur-kontagailuak berrituko dira.

. Usurbil 0.0 plangintza: Herri-konposta martxan jartzeko, 39.000  euro bideratuko dira, besteak beste.

. Oiardoko kanpoko futbol-zelaia: Egoera txarrean dago belar artifiziala eta berritu egingo da: 58.000 euro.

Auzoz auzo aurkeztu dituzte

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere herritarren ekarpenak bildu nahi izan ditu udal-gobernuak aurrekontu-proiektuan, izan ere, euren ustez, herritarren hitza kontuan hartu ezean, ezin da aurrekontu egokirik taxutu. Asmo horrekin egin dituzte bilerak Zubietan, Aginagan, Txokoalden, Santuenean, Kalezarren eta Kaxkoan. Bilerak ez dira oso jendetsuak izan, baina herritarrekin zuzeneko hartu-emana izateko eta auzoen egunerokoaz hitz egiteko oso baliagarriak izan dira. Munalurrako bilera bertan behera geratu zen, ez baitzen herritarrik bertaratu.