Noticias
Atrás

Obrak martxan jarriko dira, pixkanaka

Aste Santuko oporren aurretik gelditu ziren obra guztiak, Espainiako Gobernuaren aginduz.

21·04·2020


Pixkanaka, koronabirusak geldiarazitako obra guztiak martxan jartzen ari dira, Espainiako Gobernuak agindu ostean “eremu ez esentzialetako” langileak lanera itzul zitezkeela. Usurbilen, martxan zeuden lanak gelditu egin ziren eta hastekoak zirenak geldiarazi: hurrengo egunetan martxan jarriko dira, pixkanaka.

Esaterako, Murkaiku eta Pikaola arteko bidegorria amaitzear zen lanak gerarazi zituztenean: lanegun bat baino ez zitzaien falta, eta aipatu dekretuaren ondotik, amaitu dute dagoeneko. Hortik gertu, Kalezarko erdigunean, Pelaioenearen estalkiaren obrak apirilaren 1ean hastekoak ziren: orduan ezin zuten egin, baina aste honetan hasi dira lanean. Aginagan eta Zubietan ere obra bana zegoen martxan, eta biak atzera jarri dituzte martxan: erriberakoa eta Learritze bidea, hurrenez hurren. Zumarte musika eskolako lanak ere martxan daude.

Kalezarko trafikoan aldaketak, obrengatik

Kalezarrera joateko bidea ere itxita egongo da, hilabetez, obrengatik: Puntapax zubitik haur eskolara arteko bidea egokituko du Sasoi Eraikuntzak enpresak. Hori dela eta, trafikoan aldaketak izango dira: Troiako aldapatik eta Belmonte kaletik bideratuko da trafikoa, bi norabideetan. Bandoa jarriko dute datozen egunetan auzoko etxebizitzetan, auzotarrak jakinaren gainean egon daitezen.