Publicador de contenidos
Atrás

Mikel Blazquez Tolosa usurbildarrak irabazi du gidaimena euskaraz egiteagatik Buruntzaldeako udalek eman ohi duten saria

Buruntzaldean gidabaimena euskaraz atera duten bederatzi herritarrek saria jasoko dute: azterketa teorikoaren gastuei aurre egiteko, gehienez ere, 400 euro jasoko dituzte. Buruntzaldeako autoeskolek eta udalek euskara sustatzeko urtero egiten duten kanpainaren barruan banatu dituzte sariak. Usurbili dagokionez, 14 usurbildarrek atera dute 2018an gidabaimena euskaraz, eta horien artean Mikel Blazquez Tolosa izan da saritua. Zorionak, beraz.

15·02·2019


Gidabaimena euskaraz atera duten herritarrak saritu eta gainerakoak ere horretara bultzatzeko helburuz, Buruntzaldeako udaletako Euskara Departamentuek, eskualdeko autoeskolekin elkarlanean, urtero kanpaina egiten dute. Hala, iaz 14 usurbildarrek egin zuten euskaraz atal teorikoa, eta euskararen alde egindako hautua eta ahalegina txalotu asmoz, sariak zozketatu zituzten atzo Andoainen. Hau da, azterketa teorikoak eragindako gastuei aurre egiteko, gehienez ere, 400 euro ematen zaizkie irabazle bakoitzari. Usurbildarren arteko zozketan Mikel Blazquez Tolosa gaztea izan da irabazlea.

Atal teorikoa euskaraz egiten duten herritarren kopurua gora ari da egiten urtez urte. 2017an, esaterako, 10 lagunek egin zuten euskararen aldeko hautua, eta 2016an 8 lagunek. Esan bezala, iaz 14 herritarrek egin zuten euskaraz.