Noticias
Atrás

Merkataritza festa, dendek herriei egiten dieten ekarpenaren erakusgarri

Iaz bezala, Beterri Buruntzako bost udalerritako merkatari eta ostalari elkarteek bat egin dute tokiko merkataritza sustatu eta herrien eguneroko bizitzan duten garrantzia nabarmentzeko.

17·09·2019


Tokiko merkataritzaren egoerarekin kezkatuta, Beterri Buruntza eskualdeko merkatari eta ostalari elkarteak batu egin dira, beste urte batez, sentsibilizazio kanpaina egiteko. Salmentak asko jaitsi dira Internet bidezko erosketen gorakada eta merkataritza gune handietarako joerak tarteko: erosketak tokiko dendetan egiteak herrietan sortzen den bizitza erakustea da helburua.

Nire aukera, Beterri-Buruntza! hartu dute lelo orokortzat Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo merkatari eta ostalari elkarteek; nork bere herriaren izenarekin egokituko du, gainera: Usurbilen kasuan, Nire aukera, Usurbil!. Hilaren 20an, ostiralean, merkataritza festa egingo dute Andoainen, Astigarragan, Hernanin eta Usurbilen: askotariko ekintzak egingo dituzte, bakoitzak bere erara; dendak kalera ateratzea, musika, globoak, moda desfileak, txutxu-trenak, eta abar. Lasarte-Orian, berriz, informazio kanpaina egingo dute, kanpainaren helburuak ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz.

Tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzearen garrantzia nabarmendu nahi dute, horrek ematen baitie herriei bizitasuna egunerokoan. Horregatik, lehenengo aukera herrian bertan kontsumitzea izan dadin nahi dute, tokiko dendak sustatzeak herriko bizitza sustatzea esan nahi duelako, aldi berean. Nolako erosketak, halako herri eredua izaten denez, gogoeta egitera eta jaiaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak.