Publicador de contenidos
Atrás

Medeakeko kide batek jasandako eraso sexista eta transfoboa salatu du Usurbilgo Udalak

Medeak elkarteak jakinarazi duenez, maiatzaren 23an gizon batek eraso fisiko larria eragin zion Medeak taldeko kide bati, "arrazoi lesbofobo eta transfoboek bultzatuta". Transexuala da biktima. Hori dela eta, Usurbilgo Udalak eraso sexuala eta transfoboa salatu eta elkartasun osoa adierazi nahi du, eta bat egiten du Medeak elkarteak gizarteratutako mezuarekin.

06·06·2019


Ohar honen bidez Usurbilgo Udalak salatu nahi du Medeak taldeko kide batek pasa den maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian, Usurbilen, jasandako eraso sexista, transfoboa eta lesbofoboa eta, bide batez, elkartasun osoa adierazi.

Medeak taldeak berak eman du erasoaren berri. Talde horren arabera, arrazoi lesbofobo eta transboboek bultzatuta, eraso fisiko larria jasan zuen gizon baten eskuetan. Errepidean zirela ustez izandako ika-mika baten ondorioz, gizonak gasolindegiraino jarraitu zuen eta han eraso egin zion. Bere testigantza eman du argitara, eta honako pasarteak nabarmendu nahi ditugu:

  • “Konturatu orduko, kotxeko atea ireki zuen, lepotik heldu eta gidariaren ondoko eserlekuan etzanarazi ninduen... Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil egingo ninduela, suntsitu egingo ninduela, lehertu egingo ninduela (..)

  • Ezkerreko titia hautsita neukan, tipoak txiki-txiki egin zuen: gorrituta zegoen, harramazkaz beteta, eta ubeldura bat egin zidan, oraindik desagertu ez dena. Mina neukan lepoan, kontraktura bat, eta, batez ere, irainduta sentitzen nintzen; titiak zanpatu zizkidan. Bularraldea sutan neukan. Ez nuen ezertxo ere ulertzen".

  • “Esan beharra daukat ohituta nagoela egunerokoan bortizkeria maila oso altu bat jasotzera. Bollera eta transgeneroa naizenez, indarkeria izugarria bizi izan dut. Argi ikusten dut nire gorputzak berak zer-nolako amorrua, nazka, higuina eta hiltzeko gogoa pizten dien gizon askori”

Maiatzaren 29an egin zen epaiketa, eta akusatuak onartu egin zituen bere aurkako karguak eta eraso arina eta mehatxuak izan zirela ebatzi zuen epaileak. Epaileak ez du sexu erasoa izan zela onartu, eta, ondorioz, 150 euroko kalte-ordaina eta urruntze agindua ezarri dizkio. Hori dela eta, biktimak salatu egin du epailearen erabakia: “Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan, baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik”.

Hori guztia dela eta, Usurbilgo Udalak ozen salatu nahi du erasoa, eta trasnfobiaren eta lesbofobiaren aurkako borrokarekiko bere konpromisoa nabarmendu. Zentzu horretan, bat egiten du Medeak-ek kaleratutako agiriarekin: medeak.wordpress.com/2019/06/03/eraso-sexual-transfobo-eta-lesbofoboa-medeakeko-kide-bati-agresion-sexual-transfoba-y-lesbofoba-a-una-medeak/