Publicador de contenidos

Atrás

Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatu nahi dutela-eta, EHBilduk mozioa aurkeztuko du hilaren 25eko osoko bilkuran

Datorren asteartean, hilaren 25ean, ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak. Bi gai nagusi jorratuko dituzte: alde batetik, Usurbilgo Udala, Michelin, Gureak eta Elkar Fundazioaren arteko hirigintza-hitzarmenari behin-betiko onarpena ematea, eta, beste alde batetik, Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatzeko asmoari buruzko mozioa. Udalbatza, ohi bezala, 18:00etan hasiko da.

20·09·2018


Irailaren 25ean, hileko azken asteartearekin, Usurbilgo Udalbatzak ohiko osoko bilkura egingo du, eta, esku artean izango dituen gaien artean, bi dira nabarmentzekoak. Alde batetik, EHBilduk mozioa aurkeztuko du, Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatzeko asmotan dabiltzala-eta. Hain zuzen, Donostiako Udalak Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatzeko eskatu berri dio Espainiako Gobernuari, kartzela egin asmo zuten lekuan. EHBilduk Gipuzkoako EAJ eta PSEren jarrera gaitzetsi du, Zubietarren nahia eta hitzari "muzin eta entzungor egin", eta erosoak eta inork nahi ez dituen proiektuak Zubietan kokatzeko asmoarekin "temati" jarraitzen dutelako: errauste-planta, presoen gizarteratzeko zentroa eta kuartela. Gogorarazi du 2016ko urriaren 22an eta 23an erraustegiari buruz egindako herri-galdeketan zubietarren % 64,7k hartu zuela parte, eta % 99,5ek esan ziotela ezetz erraustegiari.

Zubietarako dituzten proiektu eta asmoak "kezkaz" bizi dituela nabarmendu du EHBilduk, izan ere, "Zubietan ez ezik, Usurbilen ere izango dute eraginik". "Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, inongo inposiziorik gabe, aire garbia arnastu nahi dugu eta ez dugu militarrik nahi gure inguruan. Ez Donostian, ez Zubietan, ez inon!", dio mozioak. Horregatik, EHbilduk Usurbilgo udalbatzari honako hau eskatuko dio:

1) Usurbilgo udalbatzak dei egiten die Donostia eta Gipuzkoako ordezkari instituzionalei Zubieta bakean uzteko eta zubietarrei aditzeko. Proiektuok bertan behera utzi eta zubietarren etorkizuna zubietarren esku uzteko eskatzen diegu.

2) Usurbilgo Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eta lurralde antolaketarako arduradunei esku hartzeko eskatzen die. Eskusaitzetan proposatu diren proiektuen eskalak eta dimentsioak Donostia gainditzen du, eta, horrenbestez, ezinbestekoa da eskualdearen iritzia aintzat hartzea. Eneko Goiak, ordea, Donostiatik Donostiara egindako proposamena egin du, gainerako guztiei erreparatu gabe.

3) Usurbilgo udalbatzak Donostiako udal-gobernuari, eta, bereziki Eneko Goia alkateari, eskatzen dio Loiolako kuartelak Zubietara lekualdatzeko asmoari uko egiteko. Ez ditugu militarrak gure herrian eta bere inguruan izan nahi. Gainera, ez du zentzurik Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak, ez Zubietan, ez Loiolan, ez inon. Horregatik, eztabaidaren muinari heltzeko eskatzen diogu, hau da, nola lortu Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa. EHbildu prest dago zeregin horretan bide-lagun izateko.

Behin-betiko hitzarmena

Arestian aipatutakoaz gain, beste gai garrantzitsu bat ere aztertuko du osoko bilkuran: Usurbilgo Udala, Michelin, Gureak eta Elkar Fundazioaren arteko hirigintza-hitzarmena. Hain zuzen, uztaileko plenoko bilkuran hasieraz onartu zen, aho batez, hitzarmen hori, eta, orain, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin-betikoz onartu beharko du udalbatzak. Uztaileko Udalberrin landu genuen gaia. Honatx erreportajea: