Publicador de contenidos

Atrás

Irailaren 30ean amaitzen da ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzetarako proiektuak aurkezteko epea

Usurbilgo Udalak ekintzaileei zuzendutako bi diru-laguntza deialdi dauzka martxan. Hutsik dauden merkataritza-lokaletan jarduera ekonomiko berriren bat jartzeko asmoz dabiltzan ekintzaileei alokairu-gastuetan laguntzeko deialdia da bata, eta, bestea, Kabienen urtebeteko egonaldia ordaintzeko Hasiz Hazi beka-deialdia. Bi deialdietarako proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatzen da.

05·09·2018


Ekintzaileei laguntzeko eta Usurbilen hutsik dauden merkataritza-lokaletan jarduera ekonomiko berriak sustatzeko asmoz, diru-laguntza deialdia kaleratu zuen maiatzean Usurbilgo Udalak, eta epea amaitzear da. Hain justu, irailaren 30a da proiektuak aurkezteko azken eguna. Udaleko erregistroan aurkeztu behar dira eskaerak.

Diru-laguntza horren onuradunak honako hauek izango dira: Usurbilen hutsik dagoen merkataritza-lokalen batean jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duen edonor, eta ekintzaile interesatuaren bizilekua edozein izanik ere, izan Usurbil edo izan beste udalerri bat. Halaber, ekintzaileak jarduerari berari dagokion Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko du, gehienez ere, hiru urteko antzinatasunarekin. Edonola ere, lehentasuna proiektuok izango dute: batetik, herrigunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek; eta, bestetik, ixtera doazen edo itxi berriak diren jarduerekin jarraitu nahi duten proiektuek.

Lokalaren alokairuaren ordainketan laguntzeko izango da diru-laguntza. Alokairuaren prezioa, gehienez ere, 10 euro metro koadroko izan beharko du, eta alokairuan hartzen den lokalaren kontratuak 12 hilabeteko iraupena izan beharko du, gutxienez. Lehen bi urteetan emango ditu laguntzak Udalak, edonola ere, urtero egin beharko da eskaera. Guztira, 7.200 euro bideratuko ditu Udalak lehen urteko alokairuen ordainketetarako, eta 4.800 euro bigarren urtekoak ordaintzeko. Hala, lehenengo urtean, alokairu-gastuaren % 40a ordainduko du, gehienez ere 300 euro hilean; eta, bigarren urtean, alokairu-gastuaren % 30a, gehienez ere, 200 euro hilean. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarria, alokairu gastuei bakarrik dagokiona izango da, eta ez dira lokalaren erabilerari lotuta egon daitezkeen bestelako gastuak kontuan hartuko, hala nola komunitate-gastuak, ura eta argindarra.

Hasiz Hazi beka-deialdia

Enpresa-proiektu berri bat duen ekintzaileari laguntzeko, Kabiene elkartearen elkarlan gunean urtebeteko erabilera ordaintzeko Hasiz Hazi beka-deialdia martxan dago, eta irailaren 30ean bukatzen da ere eskaerak egiteko epea. Beka hori Kabiene eta Udalaren arteko lankidetzan oinarritzen da. Kabiene elkarlanerako gune bat da. Lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat ere bada. Han lanean ari diren kideen esperientzietatik ikasi ahal izango dute bekadunek eta harreman-sare indartsuagoa osatu. Udalak 2.178 euro bideratu ditu beka honetarako. Bekaren gehieneko zenbatekoa 1.089 eurokoa izango da, beti ere ekintzaileak urtebete egiten badu Kabienen. Diru-laguntzaren zenbatekoa 12 hilabetetako alokairu-gastua (75 €/hileko) eta honi dagokion % 21eko BEZ-a (15,75 €/hileko) izango da. Onuradunak Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonak izango dira.