Ikasturte berriari ekin dio Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuak
17·09·2018
Irailaren 7an ekin zion ikasturteari Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak. Aurtengo kurtsoan 54 ikasle arituko dira, ohi bezala, honako bi ziklo hauetan: Sukaldaritza- eta jatetxe-arlo zikloan, eta Ile-apainketako eta estetika-arloko zikloan. Ziklo bakoitzak bi kurtso ditu, eta guztira 2.000 ordu egin behar dituzte: lehenengo mailan 990 ordu eta bigarren mailan 1.010 ordu (750 ordu ikasgelan eta 260 ordu enpresetan).
Iazko ikasturtearen balorazioa
Udaleko Oinarrizko Lanbide Heziketako arduradunak pozik daude iaz ikasleek lortutakoarekin. Esaterako, Usurbilgo ibilbidea amaituta, 15 ikasle matrikulatu ziren erdi-mailako zikloetan, eta guztiak izan ziren onartuak. Horretaz gainera, ikasle batek DBH graduatua lortu zuen, eta udaran bost ikasle aritu dira enpresetan lanean: 2 ile-apainketako enpresetan eta 3 jatetxeetan.