Noticias
Atrás

Igerilekuko obrak martxa onean doaz, eta apirilean amaitzea aurreikusten dute

Gaur goizean Xabier Arregi alkatea eta beste hainbat udal-ordezkari Oiardo kiroldegiko igerilekuko obrak ikusten izan dira, eta obrako zuzendaritzak eta enpresa-eraikitzaileak lanen nondik norako guztien berri eman diete. Urrian hasi zen obra, eta aurreikusi bezala doala baieztatu izan dute. Beraz, hasieran esan bezala, apirilerako amaituta izatea baieztatu ahal izan dute. Legealdi honetako inbertsio potolonoetako bat da, izan ere, 750.000 euroko kostua izan du. Alkateak nabarmendu duenez, ez da aldaketa estetiko soila, egiturazko hobekuntzak egin dira.

30·01·2019


Gaur goizean udal-ordezkariak Oiardo Kiroldegiko igerilekuko obrak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute, eta obra-zuzendaritzaren eta enpresa-eraikitzailearen azalpenak entzun dituzte. Bisitaren ostean Xabier Arregi alkateak nabarmendu nahi izan du obra hau ez dela "obra estetikoa", baizik eta benetazko egiturazko aldaketak egin direla. Alde batetik, erabiltzaileak ikusiko ez duen arren, beheko solairuan dauden azpiegiturak guztiz berritu dira, hala nola uraren filtrazio-sistema, aireztapena eta klimatizazio-sistema, eta, gainera, teknologia oso gaurkotuak erabili dira horretarako. Bestetik, igerilekuaren eremua erabat berritu da. Igerileku txikiari dagokionez, zabalera handitzeaz gainera, sakonera handitu egin da, eta 1,20 metroko sakonera izango du, punturik sakonenean, eta 0,75 metrokoa punturik azalenekoan. Beste hobekuntza garrantzitsu bat igerileku txikirako sarbidean egin da, izan ere, lehen zegoen koska kendu egin da, eta igerileku handiaren maila berean jarri da. Gainera, igerilekura sartzeko eskailerak jarri dira, eta horrek ahalbidetuko du igerilekua beste funtzio batzuetarako erabili ahal izatea, esate baterako, errehabilitaziorako.

Obra hauek kiroldegia eraberritzeko proiektu orokor baten lehen faseari dagozkionak dira. Alkateak argitu duenez, plan integral horretan, lau fase aurreikusten dira. Igerilekua berritzeko proiektua lehen faseari dagokiona da; bigarren fasean eraikin osoaren irisgarritasun baldintzak hobetzea aurreikusten da, bai pistan bai harmailetan; hirugarrenean, aforoari dagozkion hobekuntzak planteatzen dira; eta, laugarren fasean, piszina kanpotik ere erabiltzeko aukera izatea. "Hain zuzen, obra hau horri begira egin da. Kristalera handiak jarri dira, etorkizunean kanpoaldean dagoen berdegunearekin lotzeko, eta gaur edo bihar, piszina hau udaran erabili ahal izateko".

Guztira, 760.000 euroko inbertsioa egin da, eta legealdi honetako inbertsiorik garrantzitsuenetakoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu duen egitasmoa da, gainera, izan ere, 250.000 euroko laguntza eman du.