Noticias
Atrás

Hoteletan lan egiteko ikastaroan izena emateko epea zabaldu da

Beterri-Buruntzako udalek antolatu dute hoteletan eta ostatu turistikoetan lan egiteko ikastaroa, enplegua lortzeko zailtasunak dituzten eskualdeko langabetuei zuzendua: hilaren 28an hasiko da. Ikastaroa amaitzean, hamar langile kontratatuko dira.

13·11·2019


Beterri-Buruntzako udalek hoteletan lan egiteko ikastaroa antolatu dute aurten ere: zabalik da dagoeneko izena emateko epea. Enplegua lortzeko zailtasunak dituzten eskualdeko langabetuei dago zuzendua, bereziki, emakumeei, prestakuntza urriko gazteei eta DBE Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonei. Ikastaroa azaroaren 28tik martxoaren 25era bitartean izango da, eta prestakuntza osorik betetzen duten ikasleek Solairuetako Oinarrizko Operazioak Ostatuetan 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratuko dute. Formazioa amaitzean, apiriletik aurrera, hiru hilabetetarako lanaldi osoko hamar kontratazio egingo dira sektoreko enpresetan.

Cebanc-Cdea ikastetxean irakatsiko dira prestakuntza jarduera guztiak, garbitegiko atal praktikoa izan ezik: Urnietako Azkarrena Garbiketak enpresan egingo dituzte horiek, Erratzu poligonoan. Hoteletan eta beste ostatu turistiko batzuetan lan egin ahal izateko behar dituzten ezagutzak jasotzea da ikastaroaren helburua, baina, horrez gain, gatazken ebazpenarekin, adimen emozionalarekin eta enplegua bilatzeko teknikekin lotutako ikasgaiak ere jasoko dituzte. Hala, mantentze-lanak egiten ikasiko dute, baita logelak garbitzen eta prestatzen, arropak lisatzen, konpontzen zein bezeroekiko harremanak egiten ere.

Aurreko urteetan izandako emaitza onek bultzatuta antolatu dute Beterri-Buruntzako udalek aurten ere ikastaroa. 2016az geroztik, 39 lagunek eskuratu dute ziurtagiria, prestakuntza osorik bete ostean, eta diruz lagundutako 27 kontratazio egin dira, hiru eta sei hilabetetako iraupenarekin. Ikastaroa amaituta lanean jarraitzeko aukerari dagokionez, aurreko bi urteetan %66tik gorakoa izan da. Aurtengo ikastaroaren ostean beste hamar lagun kontratatuko dira, eskualdeko zenbait hotelekin izandako elkarlanaren ondorioz. Honakoak dira programan parte hartu duten enpresak: Azkarrena Garbiketak SL, Hotel ETH Irun, Hotel Trip Orly, Koisi Hostel, Feel Free Rentals, Hotel Avenida, Hotel Codina SA, Hotel Gudamendi, Hotel Villasoro, Atxega Hotela, Hotel Tabacalera, Casual Hotels eta Hotel Europa.

Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa izango da Lanbide.eus-en izena ematea.