Publicador de contenidos

Atrás

HOBEKI Elkartearen printzipioekin bat egin du Usurbilgo Udalak

Hernani, Larrabetzu, Gaintz-Gatzaga eta Donemiliagako udalek HOBEKI Elkartea eratu dute, herriz herri hondakinen kudeaketan martxan dauden esperientzia jasangarriak elkar-trukatzeko gune bat izan dezaten toki-erakundeek. Hala, elkartearen printzipioekin bat egitea eta printzipio horiekin koherentziaz eta jarrera aktiboaz aritzea erabaki du Usurbilgo Udalak, gehiengoz.

31·05·2018


HOBEKI Elkartea eratu berri dute hainbat udalek. Zehazki, Hernani, Larrabetzu, Gaintz-Gatzaga eta Donemiliagako udalek. Hondakinen kudeaketan herriz herri lantzen ari diren esperientzia jasangarriak eta ekimenak elkar ezagutu eta partekatzeko bokazioz jaio da HOBEKI. Hain justu, astearteko oso bilkuran, EHBilduk mozio bat aurkeztu zuen, Usurbilgo Udalak elkarte horrekin bat egiteko eskatzeko. Proposamenak EHBilduren aldeko botoak jaso zituen; EAJk eta PSEk, ordea, aurka bozkatu zuten.

Mozioan azpimarratzen denez, “hondakinen erabilera gure bizimoduaren isla da. Kontsumo-ohiturak, pertsonok gizarte-antolaketan dugun tokia, naturarekin dugun harremana, garapena ulertzeko modua… horiek denak agerian geratzen dira hondakinen kudeaketari erreparatuz gero. Eta, herritarron bizimoldeak ez ezik, erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen azaltzen dira”.

Azken urteotan bilakaera esanguratsua gertatu dela Euskal Herrian dio EHbilduk. “Gaiaren garrantziaz jabetu, eta gaur egun inork gutxik jartzen du zalantzan modu egokian kudeatu behar direla hondakinak. Herritarrok nahiz herri-erakundeok arduraz eta erantzukizunez jokatzera behartuta gaude”.

Gauzak horrela, toki-erakunde askok urteak daramatzate esperientzia desberdinak jorratzen. Edonola ere, lan horretan elkarren arteko komunikazioa eta esperientzia- nahiz iritzi-trukaketa ez dela behar bestekoa azpimarratzen du EHBilduk mozioan. Eta, hain justu, hutsune hori betetzeko asmoz, HOBEKI elkartea eratu dela jakinarazi du, bere bitartez toki-erakundeek egiten dutena beste toki-erakundeen ezagupenera iritsi dadin, eta ondorio zuzeneko ekimenak guztien artean partekatuak izan daitezen. “Elkarlana eta koordinazioa helburu dituen elkartea izango da, betiere kontuan hartuta hondakinen kudeaketa eta horren inguruko egikaritzapenak udalen esku daudela”.

Hori horrela, honakoa proposatu zion EHbilduk Usurbilgo udalbatzari:

1. HOBEKI elkartearen printzipioen dekalogoarekin (eranskin gisa aurkezten dena) bat egiteko.

2. Printzipio horien arabera aritzeko, koherentziaz eta jarrera aktiboz, hondakinen kudeaketaren arloan.

3. Erabaki honen berri HOBEKI elkarteari emateko.

EAJ eta PSE aurka

Hiru eskakizun horiek gehiengoz onartu zituen udalbatzak, EHBilduren aldeko botoei esker. EAJk eta PSEk, ordea, aurka bozkatu zuten. Josune Urkola EAJko zinegotziaren esanetan, ez dago beste elkarte baten beharrik: “Gipuzkoarroi baliabideak jartzen bazaizkigu, emaitza onak lortzen dira. Gainera, ikusi da atez ateko ssitematik edukiontzien sistemara pasatu diren herrietan, urtez urte emaitza hobeagoak lortzen dituztela, eta ekonomikoki asko aurrezten dela”. PSEko zinegoztiak elkartearen gaineko galderak luzatu zituen, “ez baitu inon topatu informaziorik”. Errausketaren alde egin zuen PSEk udalbatza-saioan, haren esanetan, “errefusa energia bihurtzen duelako eta modu horretan etxe askotara argindarra bideratzeko modua emango duelako”.

Xabier Arregi alkateak alderdien logikatik at eratu den elkarte bat dela erantzun zien, eta helburu bakarra informazioa eta esperientziak partekatzea dela nabarmendu zuen: “Dena ez da hondakinak nola bildu edota nola tratatu. Hondakinen kudeaketa hori baino askoz gehiago da. Gauza asko egin daitezke”. Ildo horretatik, nabarmendu zuen toki askotatik eskatzen zaiola Usurbili informazioa: “Zergatik ez eman ezagutzera gure eredua?”. Atzo, esaterako, Eusko Legebiltzarrean izan zen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako birziklatzea nola hobetu aztertzen ari den lantaldean, Usurbilgo eredua aurkezteko. Alderdien logikak alboratu, eta bestelako jarrera hartzeko eskatu zien.

Hauexek dira HOBEKI Elkartearen printzipioak:

1. Osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten dugu hondakinen kudeaketan. Ez da kudeaketa onik herritarron osasuna arriskuan jartzen badu, edo naturari kalte egiten badio.

2. Herritarrok eta herri-erakundeok elkarren eskutik joan behar dugu. Eginkizun honen izaera kolektiboa nabarmentzen dugu, eta gizalegez jokatu beharra azpimarratzen. Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoak ondo tratatzea herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriaz edo zabarkeriaz jokatzea, aldiz, ez da inoren eskubidea. Kostu ekonomikoak portaeretara doitu behar dira: ez da onargarria jokabide egokia dutenei besteen utzikeria ordainaraztea.

3. Herritarrak ahalduntzeak eskatzen du, batetik, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera ematea, bigarrenik, hondakin horiekin hasieratik bukaerara zer egiten den garbi azaltzea, eta, hirugarrenik, erabakietan parte hartzeko aukera ematea.

4. Kudeaketak hondakinen zikloa bere osotasunean hartu behar du, ikuspegi zirkularra landuz. Sortutako hori naturara itzuli behar da, kalterik eragin gabe, eta, ahal dela, modu probetxugarrian. Hondakinak izan bitez lehengai.

5. Edozein tratamenduren abiapuntutzat dugu murriztea. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Prebentzio neurriak zorroztu beharra dago, erakundeen inplikazio irmoz.

6. Bilketak eraginkorra izan behar du, horretan oinarritzen baita ondorengo tratamendua. Langintza horri dedikatzen zaiona, aurreragoko inbertsioa da. Gaika biltzeak alderdi kuantitatiboari nahiz kualitatiboari dakarkio hobekuntza. Bilketaren emaitza neurtu, ebaluatu eta hobetu beharra dago etengabe, eta zeregin horretan beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira.

7. Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira, ordena horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak.

8. Europako jarraibideek agindutakoarekin bat, balorizazio materiala hobesten da balorizazio energetikoaren kaltetan. Europako erakundeek garbi adierazi dute gaur egun ez duela zentzurik erraustegirik eraikitzeak, Europak lehen ere sobera dituelako horrelako azpiegiturak. Ezetz diegu, halaber, zabortegi konbentzional kutsakorrei.

9. Azpiegitura lokalak lehenesten ditugu, tokiko garapena indartzea eta garraioa murriztea dakartelako, besteak beste. Era berean, azpiegitura eskalagarrien alde egiten dugu, azpiegitura zurrunak baztertuz, etorkizuna hipotekatu gabe garaian garaiko baldintzetara egokitzeko aukera ematen dutelako. Multinazionalen negozio-gosearen aurretik, herritarren interesa lehenesten dugu.

10. Aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia eman behar zaie. Hondakinen sailkatze gero eta finagoa eta xeheagoa beharrezkoa da, eta material egokiak erabiliz, horiek berrerabiltzeko eta birziklatzeko teknologietan inbertitu beharra dago.