Noticias
Atrás

Gaztelekua martxan da, Whatsapp eta Instagram bidez

Orain arteko helburu eta ildo estrategikoei eutsiko diete, egoera berriak sortutako beharretara egokituta: Gaztelekua eta hezitzaileak eskuragarri izango dituzte gazteek, eta, lehen aurrez aurre egiten zuten bezala, euren bidelagun izaten jarraituko dute.

03·04·2020


Whatsapp eta Instagram sare sozialak baliatu dituzte Gaztelekuko hezitzaileek zerbitzua bizirik mantentzeko: astebete daramate, dagoeneko, hala lan egiten. Konfinamendua dela eta, nor bere etxetik lagunekin eta hezitzaileekin harremanetan jartzeko modua egin dute, baita astez asteko proposamen bat ere. Hala, fisikoki ez bada ere, guztien arteko harremanari eutsiko diote, eta konfinamendua arindu, hitzordu bakoitzean ariketa desberdinak eginez.

Gaztelekuko arduradunek nabarmendu dutenez, orain arteko helburu eta ildo estrategikoei eutsiko diete, Gaztelekua eta hezitzaileak gazteentzako eskuragarri egonez eta beraien garapenean bidelagun izaten jarraituz. “Gazteek, euren etxeen isolamendutik, berdinen arteko harreman mundua sareetara mugatua ikusi dute, eta egunerokoak aldaketak nabaritu dituzte: ikastola, kirol ekintzak, aisialdia... Ordutegi berrietara egokitzea ekarri die, ohitura berriak txertatuz, eta, nola ez, horrek dakarren desorekak sortutako sentimendu, emozio, egoera... uholdearekin batera”.

Astelehen, ostegun eta larunbatetan emango du zerbitzua Gaztelekuak, eta horrela antolatu dituzte edukiak:

Astelehenetan: osasuna, egunerokotasuna eta eskulanak.

  • 18:00 / 19:30: Zuk zeuk egin!
  • 16:30 / 18:00: Ze esatek! Ze esaten!

Ostegunetan: harremanak, sare sozialak eta sukaldaritza.

  • 16:30 / 18:00: Harremanak saretzen
  • 18:00 / 19:30: Gosearen jolasak

Larunbatetan: sormena, jolasak eta fono-bideo-liburu-jolasteka

  • 16:00 / 17:30: Kin kan kun
  • 17:30 / 19:00: 40aldiaren kutxa

Proposamenak gazteen ekarpenekin indartu eta aberastu nahi dituzte hezitzaileek. Horrez gain, taldetan banatuta, proiektu txikiak egin nahi dituzte, esaterako, bideoak grabatu. Gainera, lanegunetan bideo-dei, audio edo Whatsapp bidez komunikatzeko aukera eskainiko dute hezitzaileek, adostutako ordutegi baten barruan.