Publicador de contenidos

Atrás

Familia ezkutaketa jolasa antolatu du Zirimarak, iganderako

Datorren igandeko Erle Eguna girotu asmoz, Zirimarako hezitzaileek familia-plana dibertigarria antolatu dute. Helburua argia da: ondo pasatzea, familia giroan. Horretarako, ezkutaketa jolasa antolatu dute, eta herritar orok du parte hartzeko aukera. 11:30ean jarri dute hitzordua, frontoian, eta han emango dituzte jolasari buruzko oharrak.

20·11·2018


Datorren igandean Erle Eguna dela-eta, Zirimarako hezitzaileek familian egiteko moduko plana antolatu dute: ezkutaketan jolasteko gonbita luzatu dute. Hona hemen ekimenaren berri emateko, prestatu duten oharra:

  • Ezkutaketan taldeka jardungo dugu. Talde bateko gutxieneko partaide kopurua, heldu bat eta haur bat. Hortik aurrera, edozein konbinazio onartuko da: 2 heldu eta haur bat, heldu bat eta 3 haur, 2 heldu eta bi haur, 5 heldu eta 8 haur…

  • Taldeak elkarrekin ezkutatu beharko du. Taldea unitate moduan hartuko da, beraz, denek batera ibili behar dute.

  • Ezkutatzeko eremua mugatua izango da: Usurbilgo kaxkoa. Ikus ezazue zein den ezkutatzeko eremua mapan eta has zaitezte ezkutalekuak pentsatzen.

  • 11:30ean frontoian elkartuko gara. Ezkutaketa jolasa nola izango den azalduko dugu.

  • Bi aldiz jolastuko dugu ezkutaketan. 12:00tan lehenengo ezkutaketa saioari ekingo diogu eta 12:30etan bigarrenari.

  • Ezkutaketa jolasaren oinarrizko arauak:

    1. Partaide guztiak taldeka ezkutatzera joango dira, beti ere, kaxkoan zehaztu dugun eremuaren barnean. Ezin da denda, taberna, etxeko atari… eta abarretan ezkutatu. Kalean (aire librean) ezkutatu behar da.

    2. Hiru hezitzaileko taldeak 3 minutu itxarongo du frontoian eta denbora tarte hori pasatzean partaide-taldeak bilatzen hasiko da.

    3. Talde bat aurkitzen dutenean, talde hori frontoira gerturatuko da eta bertan dauden gainerako hezitzaileek aurpegian bi pintura-markatxo egingo dizkiete, “bilatzaile” bihurtuz.

    4. Bi modutan amai daiteke ezkutaketa jolasa:

      • talde guztiak aurkitzean

      • denbora tarte bat pasatzean (lehenengo saioan, 12:30ean partaide guztiak frontoira gerturatu behar dute, aurkituak izan edo ez; bigarren saioan, 13:00an frontoira gerturatu behar da)

  • Partaide guztion familia-argazkiarekin emango diogu amaiera Erle Eguneko I. famili ezkutaketa topaketari. Beraz, bi ezkutaketa saioak amaitu bezain laster, 13:10 inguruan, aterako dugu argazkia.

Anima zaitezte eta etorri guztiok ezkutaketan jolastera!!