Publicador de contenidos

Atrás

Euskaraldia Udalean sustatzeko adierazpena onartu du udalbatzak

Aho batez onartu du gaur arratsaldeko osoko bilkuran udalbatzak Euskaraldia Udalean sustatzeko erakunde-adierazpena, eta, horrenbestez, “erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko” konpromisoa hartu du. Hain justu, irailaren 20an zabalduko da Euskaraldian izena emateko epea, eta horri begira, ekitaldia ari da antolatzen herriko batzordea.

24·07·2018


Euskaraldiarekin bat egin du Usurbilgo Udaleko udalbatzak. Gaur arratsaldeko ez ohiko bilkuran Euskaraldia udalean sustatzeko erakunde-adierazpena onartu du. Aho batez onartu, gainera. Udalbatzaren ondoren, familia-argazkia atera dute hautetsi guztiek, hartu berri duten konpromisoaren adierazle.

Euskaraldiak 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango dira eta 11 egunez helduen hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, ulermena balioan jarrita. Bi subjektu mota bereizi dira: ahobiziak eta belarriprestak.

Erakunde-adierazpenak nabarmentzen duenez, Usurbilen bizi den bi urte edo gehiagoko biztanleriaren % 72,51 euskalduna da eta beste %11,13ak euskara ulertzen du. Administrazioari dagokionez, Usurbilgo ordezkari politikoen %100 gai da euskaraz hitz egiteko eta udal-langile publiko guztiak ere bai. Haatik, erabilera-datuek diote Usurbilen kale-erabilera %54ekoa dela. “Badugu non hobetu, eta horretan lagunduko digu Euskaraldiak. Hala, gaur onartu den adierazpenak dio Usurbilgo Udalak neurriak hartuko dituela hizkuntza-praktika horiek aldatzeko, eta udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko dituela Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko dituela.

Irailaren 20ean zabalduko da izen-ematea

Bien bitartean, herriko batzordeak lanean jarraitzen du eta irailaren 19rako ekitaldia ari dira antolatzen. Hain justu, irailaren 20ean zabalduko da epea ekimenean parte hartu nahi dutenek izena emateko. Batzordea irekia da, eta ekimenean laguntzeko gogoz dauden herritarrek dute parte hartzeko aukera. Hurrengo bilera irailaren 6an egingo dute, 18:00etan, Potxoenean.