Publicador de contenidos

Atrás

Euskara ikasi dutenek diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte ekainaren 25etik aurrera

2017/2018 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrentzat zuzendutako diru-laguntza deialdia egin du Udalak, eta herritarrek matrikula kostuaren % 100 jaso ahal izango dute, deialdian zehaztuta dauden baldintzak bete badituzte. Edonola ere, gehienez ere, 600 euro emango dira. Bestetik, ikasturte honetan aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzat ere diru-laguntza deialdia kaleratu du Udalak. Deialdi baterako zein besterako eskaerak ekainaren 25etik uztailaren 6ra bitarte egin behar dira.

15·06·2018


Bi diru-laguntza deialdi kaleratu berri ditu Usurbilgo Udalak: batetik, 2017/2018 ikasturtean euskara ikasi dutenek diru-laguntza eskatzeko deialdia; eta, beste alde batetik, 2017/2018 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenek diru-laguntzak eskatzeko deialdia. Batean zein bestean eskaerak egiteko epea ekainaren 25ean hasten da, eta uztailaren 6an bukatu.

Lehenengoari dagokionez, Usurbilgo Udalak oso garrantzitsutzat irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari, eta gaur-gaurkoz doakotasuna bermatzen du Udalak, kaleratzen dituen diru-laguntzei esker. Hala, HABEk homologatutako ikastaroak lagunduko ditu diruz, zein homologatu gabekoak direnak, baina beti ere ikasturtean zehar urrats bat gainditzen dela ziurtatzen bada. Diru-laguntza jasotzeko, honako baldintzak bete behar dira: Usurbilen erroldatuta egotea; gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea; eta, autoikaskuntzaren kasuan, gutxieneko aprobetxamendua gainditzea. Horiek betez gero, herritar guztiek matrikula kostuaren % 100 jasoko dute. Edonola ere, gehienera ere, 600 euroko laguntza jasoko dute.

 

Aisialdiko ikastaroak

Aisialdiko ikastaroetako diru-laguntzen kasuan, 2017ko uztailetik 2018ko ekaina bitarte egindako ikastaroak lagunduko dira, honako baldintzetan: Usurbilen erroldatuta izatea; 16 urtetik gora izatea; ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea (aisialdiko begirale ikastaroa edo aisialdiko zuzendari ikastaroa); eta, ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea. Araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio Udalari jasotako diru-laguntza.

Bestalde, honako kopuru hauek emango dira: begirale ikastaroen kasuan, matrikularen % 50 emango da, gehienez ere 250 euro, eta zuzendari ikastaroaren kasuan ere, matrikularen % 50, baina gehienez ere, 170 euro. Aipatu portzentaje hori gutxitu egin daiteke aurkezten diren eskarien arabera.