Publicador de contenidos

Atrás

Erroizpeko ura jarri du berriz Udalak

Azken asteotan, herriko ur-sisteman probak egin dituzte, eta guztiak ondo funtzionatzen duela-eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baimena eman dio Udalari berriz ere herriko zati bat Erroizpeko uraz hornitzeko. Atzo herritarrei bando bidez jakinarazi zitzaien, eta gaur bertan hasi dira. Bestalde, herriko ur-sistema ezagutzeko aukera eman nahi die Udalak herritarrei, eta horretarako hainbat bisita antolatu ditu: bata, uztailaren 17an izango da eta bestea 21ean. Izena udaletxeko erregistroan eman behar da.

04·07·2018


Erroizpeko uraz herria berriro hornitzen hasi da, gaur, Usurbilgo Udala. Azaroan ur-sisteman gertatutako huts-egiteek herritarrei eragindako ondoezaren ondorioz, Añarbeko ura baino ez da erabili azaroatik hona. Aldi horretan Udala herriko ur-sistema berritzen aritu da. Xabier Arregi alkateak argi hitz egin izan du beti: “Usurbilek duen baliabide propio bat da Erroizpe, eta berriz erabili nahi dugu, hartu beharreko berme guztiak hartuta. Egoeraren larritasunak hala egiteko exijitu digu. Eta hala jokatu dugu”. Hala, 90.000 euro inguruko inbertsioa egin du Udalak, eta nabarmen hobetu ditu Erroizpeko ur-bilketa, banaketa eta kontrol-mekanismoak. San Esteban deposituetako instalazioak eta gailuak berritu, eta telekontrolerako sistema ezarri du. Sistema horren bidez, une oro informazio guztia eskura izango da.

Osasun Sailaren baimena
Azken egunotan sistema berrian probak egiten aritu dira. Denak ondo funtzionatzen du, eta emaitzak ere egokiak dira. Erakundeetako ordezkariak bisitan izan dira egunotan, hala nola Añarbeko arduradun tekniko eta politikoak eta Osasun Sailekoak. Biek ala biek ontzat eman dituzte berrikuntzak, eta Osasun Sailak baimena eman dio Udalari berriz ere Erroizpeko ura erabiltzeko. Erreka eta hiru iturburuetako ur naturalak biltzen ditu Erroizpeko presak, eta oso ona da ur hori. Oraingoz, dena den, iturburuetako ura baino ez da hartuko. 2036. urtera arteko kontzesioa du Udalak horretarako. Iturburuek badute nahikoa ur herriaren zati handi bat hornitzeko. Hiru iturburuetako emaria 17 litro/segundukoa da, eta Udalak 11 litro/segunduko kontzesioa  duenez, honako eremuetara eramango du ura: Santuenea, Urdaiaga, Txokoalde, Aginaga, Zubieta, Kaxkoko zati bat (Kale Nagusitik behera), eta Osinalde, Zumartegi eta Ugaldea industriaguneak. Gainerako tokietara Añarbeko ura iritsiko da.

Herritarrekin bisitak

Halaber, herriko ur-sistema ezagutzeko aukera eman nahi die Udalak herritarrei, eta horretarako hainbat bisita antolatu ditu. Bisitak udal-langileek gidatuko dituzte, eta San Estebango bi deposituak eta Erroizpeko presa eta iturburuak erakutsiko dituzte. Udaletxean bildu, eta taxi-busean eramango dira herritarrak. Hona hemen egunak:

- Uztailaren 17an, 18:00etan.
- Uztailaren 21ean, 10:00etan

Udaletxeko erregistroan eman behar da izena: 943 37 19 51 edo erregistroa@usurbil.eus.

Hona hemen ur-hornidura eta herriko ur-sistema erakusten duten irudiak: