Noticias
Atrás

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Usurbilgo Udalak eta Uemak

Hilaren 15ean hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina Gipuzkoan, eta telefonoz edo Internet bidez egin ahal izango da.

02·04·2020


Urtero bezala, Uemak eta Usurbilgo Udalak, elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute, hilaren 15ean hasiko baita aitorpena egiteko kanpaina Gipuzkoan. Uemak, hainbat udalek eta erakunde publikok, dena den, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainari eustea erabaki dute, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen. Aurten, konfinamendua dela eta, egoera berezia izango da: aurrez aurreko hitzorduak bertan behera gelditu dira, eta telefonoz edo Internet bidez soilik egin ahal izango da aitorpena.

Eustatek 2017an emandako datuen arabera, euskararen ezagutza %72koa da Usurbilen. Datu hori ez dator bat, ordea, errenta aitorpenekoekin: iaz, 950 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, eta 2.281ek gaztelaniaz. Garrantzitsua da nabarmentzea aldundiko foru ogasunak herritarren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela autolikidazio proposamena: gaztelaniaz jaso eta aldatu nahi dutenek, errenta aitorpenaren kanpainan bertan edo urte osoan alda dezakete irizpide hori.

Aldundiaren erronka

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, erronka bota du, lau urtean erdietsi nahi dutena: 2023. urterako, 100.000 gipuzkoarrek errenta aitorpena euskaraz egitea. Horretarako, dokumentu bat prestatu dute, herritarrek euren hizkuntza hautua euskararen alde egiteko moduen berri emateko. Logo bat ere prestatu dute, Ogasunarekin euskaraz leloa daramana.

Gipuzkoako Aldundiaren webgunean daude errenta aitorpena egiteko baliabide guztiak.