Publicador de contenidos

Atrás

Ekainaren 16ean Artzeren mundu handia ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu eta bizitzeko deia

Ekainaren 16ean Joxan Artze sortzaile handiari Usurbilek egingo dion herri-omenaldia aurkeztu dute gaur goizean, Usurbilen. Herritarrak eta Udala eskuz esku aritu dira azken hilabeteotan ekitaldia antolatzen, eta deia egin diete herritarrei ekainaren 16ean Artze bizitzera, bakoitzak nahi duen eran. “Hitzak ez dira inoiz hiltzen, eta, ondorioz, idazleak ere ez. Artze gurekin dago; guregan”, adierazi dute.

31·05·2018


Hilabete luzez aritu dira Usurbilgo Udala eta herritarrak Joxan Artzeri eskaini nahi zaion herri-omenaldia antolatzen. Ekainaren 16ean izango da, larunbatarekin. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua eskuz esku lanean aritu diren batzordeko kideak, bai eta Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak egun horretarako propio sortu duen kartela, irudia. Alaitz Aizpurua Kultura-zinegotziak, guztien izenean, Zumetari egindako lana eskertu dio. Ezaguna da bien arteko harremana. Harreman estua, bai maila pertsonalean, bai kultur sorkuntzan, eta Zumetak ere bere ekarpena egin nahi izan du herri-omenaldi honetan. Horixe baita ekitaldiaren izaera eta muina: herritarra. Nor beretik emanez, aportatuz eta eskaintzen.

Hain zuzen, Yolanda Arrieta idazleak nabarmendu duenez, berak ere horregatik jarri du bere aletxoa, eta parte hartu herritik sortutako ekimen honetan. “Heriotzari bizitzatik begiratzeko modu bat da ekitaldi hau. Artzeren hitzak guztion artean sentitzeko, imajinatzeko, partekatzeko, bizitzeko. Ekitaldi honetan, Artzeren hitzak berpiztuko ditugu, modu horretan, pertsona bera ere berpiztuz. Artze gurekin egongo da, guregan baitago oraindik ere”. Arrietaren esanetan, hitzak ez dira inoiz hiltzen, eta, ondorioz, pertsona, idazlea, ere ez.

Alaitz Aizpurua Kultura-zinegotziak, bere aldetik, gogora ekarri du Joxan Artzek behin idaztitakoa: “Gizon handia da mundua eta mundu ttikia gizona idatzi zuen behin, dotorezia handiz, Joxan Artzek, mundua eta gizonaren arteko harremanaz mintzatzeko, elkar topo egiten duten bidegurutzeaz hausnartzeko. Guk, ekainaren 16ean, Joxan Artzerekin elkartu nahi dugu berriz, dagoen tokian dagoela ere. Jakin baitakigu dagoenean dagoena, nonahi dagoela, inora joan beharrik gabe, xoria bailitz. Ihesean”.

Ekainaren 16ean Artzeren mundu handia ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu eta bizi nahi dutela nabarmendu du Aizpuruak, “Artze, dagoen tokian dagoela ere, guregan baitago”. Izan ere, haren esanetan, handia da Artzeren mundua. Unibertsoa. Unibertso aberats eta zabala. Hainbat iturritatik osatua. Iturri zaharretatik, baina, aldi berean, ur berria edaten. Apurtzen eta eraldatzen. Nola formaz hala mamiz. Hitz berriak sortzen, hitz biziak aditzen, baina, beti, betiko hizkuntza zaharretik. Euskaratik eta euskaraz. Iragana eta etorkizuna josten. Eta gehienetan Usurbil abiapuntu. Usurbilgo toki eta bazterrak. Agerikoak eta ezkutukoak.

“Ekainaren 16ean Artzeren unibertsoan arakatu nahi dugu. Gozatzeko”. Eta ezagutzen ez dutenei deskubritzeko parada eman nahi diete, eta ezagutzen dutenei hartan sakontzekoa.

Irudikatze kolektiboa

Urtarrilaren 12an zendu zen Joxan Artze. “Sortzaile handi bat galdu zuen euskal kulturak. Eta pertsona handi bat Usurbilek. Nola deskribatu Artze, ordea? Ezin. Poeta, idazlea, txalapartaria…. Guztietatik zuen zerbait. Horregatik izan zen sortzailea. Sortzaile handia. Eta, horregatik, zaila zaigu Artze hitz bakarrarekin deskribatzea, bere lana eta ekarria izugarri handia izan baita arlo eta eremu ugaritan, izan literaturan, izan musikagintzan, izan herrigintzan. Eta zaila zaigu ekainaren 16ean ondare hori guztia biltzea. Kaleratzea. Gutako bakoitzak Artze geure erara bizitu baitugu, eta, hain zuzen, horixe da ekainaren 16ean herrira dadin nahi duguna: norberak ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu, bizi dezala Artze; nahi duen eran. Sentimendu horien guztien topagune izan daitezela Usurbilgo kaleak. Irudikatze kolektiboaren lekuko izan daitezela”, adierazi du.

 

Egitaraua:

Egitarau zabala osatu dute. Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika uztartu dituzte. Artzeren izana eta mamia, hain zuzen ere.

  • Joxan Artze Ezagutuz atalaren barruan, ekainaren 13an, “Joxan Artze, espirituz ere bai” goiburuko hitzaldia, Andoni Salameroren eskutik. 18:00etan izango da, Potxoenea Kultur Etxean.

  • Ekainaren 16ko egunak atal eta ekimen ugari izango ditu:

    • 10:30ean “HARRIA HITZ” bisita gidatua egiteko aukera izango da. Hain zuzen, kulturan zehar murgiltzeko aukera ematen duen ibilaldi honek argi erakusten du Usurbilek euskal sorkuntzan jokatu duen papera. Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Usurbilen inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda eta inon baino hobe islatzen da 60. hamarkadako kultur eztandaren ondorena. Honen adibide garbia da herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementu eta artelan. Harria Hitz ibilbideak, elementu horien bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu. Aurrez izena eman behar da: 688-81 80 17 edo info@kultour.pro

    • JOXAN ARTZE OROITUZ. 12:00 Mikel Laboa plazan. Ekitaldi nagusia. Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika lagun ditugula oroituko dugu Joxan Artze.

    • JOXAN ARTZE SENTITUZ. 17:00 Olanoneko anfiteatroan. Haurrek marrazkiak egingo dituzte txalaparta entzunez sentitzen dutenarekin. Ondoren, ipuin kontaketa laburra izango da.

    • JOXAN ARTZE PARTEKATUZ. 18:30 Dema plazan. Joxan Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Bertan, Joxanekiko sentimenduren bat adierazi nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute, txalaparta joz edo haren poema bat irakurriz. (Aurrez izena eman nahi duenak: 943-36 06 92 edo kultura@usurbil.eus)

    • JOXAN ARTZE BIZIZ. 22:30 Frontoian. Joxan Artzeren lanean oinarritutako ikuskizuna gertutik biziko dugu: dantza, txalaparta, poesia, musika, bertsoak...

    • JOXEAN ARTZE IRUDIKATUZ. Egunean zehar, Sutegiko erakustaretoan.“Txoria txori” poema irakurrita, haurrek akuarelaz sortu dituzten marrazkiak ikusgai jarriko dira erakustaretoan.

    • JOXEAN ARTZERI IDATZIZ. Egunean bertan, Erregistro Liburua egongo da, Joxan Artzeri zerbait idatzi nahi dionarentzat. Aldez aurretik, Potxoenea Kultur Etxera etorrita ere idatz daiteke bertan. (943-37 19 99)