Publicador de contenidos
Atrás

Desfribiladoreak erabiltzen ikasteko ikastaroak antolatu ditu Udalak

Usurbilgo Udalak beste lau desfibriladore jarriko ditu Aginagan, Santuenean, Zubietan eta herriko kaxkoan, baina desfribiladoreak jartzea bezain garrantzitsua denez gailu horiek erabiltzen jakitea, erabileran trebatzeko ikastaroa eskainiko du DYAk. Ikastaroak irekiak dira, eta edozeinek har dezake parte. Ikastaroak martxoaren 25etik 29ra bitarte eskainiko dituzte, desfibriladoreak jarri dituzten tokietan.

15·03·2019


Herrian bihotz-birika geldialdia ematen den kasuetan berehalako arreta emateak duen garrantziaz jabetuta, Usurbilgo Udalak herriko hainbat gunetan desfibriladoreak jarriko ditu: Aginagan, Arrate zahar-egoitzaren sarreran; Santuenean, frontoiaren aldamenean dagoen Aldapeta udal-lokalaren sarreran; Zubietan, frontoiaren atzeko paretaren txoko batean; eta, kaxkoan, Sutegiko pasabidean. Horiez gain, udaltzainek desfibriladore portatil bat ere izango dute aurrerantzean, larrialdi kasuetarako. Horrenbestez, Harane Futol Zelaian eta Oiardo Kiroldegian zeudenei gehitzen zaizkie bost gailu berri hauek. Helburua udal-eraikinak edota toki publikoak gailu horiekin hornitzea da, bizitzak salba ditzakete-eta.

Ikastaroak, martxoaren amaieran
Edonola ere, desfribiladoreak jartzea bezain garrantzitsua da gailu hauek erabiltzen jakitea, eta, beraz, erabileran trebatzeko ikastaroa eskainiko dute DYAko boluntarioek. Izan ere, proiektu honek arrakasta izateko, ezinbestekoa da herritar gehienak trebatzea susperketa maniobretan eta DEA aparatuaren erabileran. Ikastaroak, beraz, irekiak dira, eta nahi duen orok har dezake parte. Kalean egingo dira, desfibriladoreak dauden inguruaren bueltan. Honako hauek dira egunak eta tokiak:

- Aginagan: martxoak 25, 18:30-20:30

- Santuenea: martxoak 26, 18:30-20:30;

- Zubieta: martxoak 29, 16:30-18:30

- Usurbilgo kaxkoa: martxoak 29, 19:00 21:00.

Herritarrei eskainitako ikastaroez gainera, udaltzainei eta udal-langileei formazio berezia eskainiko zaie ere.
 
Desfribiladoreak boltaje altuko deskargak ematen ditu bihotzaren erritmoa berreskuratzeko, arritmia kasuetan. Horrelako kasu baten aurrean erabiliz gero, bizirauteko aukera gehiago dago. “Erabilera erraza eta segurua” dela adierazi du Udalak eta “osasungintzan adituak ez direnak erabil dezakete gutxieneko ezagutza badu”. Larrialdi bat gertatzean, hori bideratzeko beharrezkoa da egoera antzematen jakitea, ahalik eta azkarren artatzea eta, desfibriladorea izanez gero, gailua erabiltzeko gai izatea. Horregatik antolatu dute aipaturiko ikastaroa.