Noticias
Atrás

Bidaia

2019ko urriko Udalberrin argitaratutako zutabea. Kargua hartu zuenetik Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak idatzitako lehenengoa.

04·10·2019


"Ze, martxa hartuta ardura be-rrian?”. Azken asteotan herrita-rrekin izandako solasaldi gehienetan egin didaten galdera da horixe. Ekainaren 16ean hartu genuen alkate eta zinegotzi kargua, eta orduz geroztik udalaren eguneroko martxara egokitu nahian gabiltza. Sarri askotan erantzun dudan gisan, abiadura handian doan tren batera igotzea bezalakoa da. Hasiberriak izanagatik ere, trenak ez du geldiunerik, eta, beraz, ezin diozu trenari ihes egiten utzi. Oso intentsoa izaten ari da, baina, aldi berean, oso aberasgarria. Ikasbide bat. Bizi-esperientzia berri eta emankorra. Hiru hilabeteotan, oso izaera ezberdineko bilerak eta hartu-emanak izatea egokitu zait: egoera latza pairatzen ari direnherrikideekin, jubilatuekin, ingurumen-elkarteekin, enpresariekin, eraikuntza-enpresetako ordezkariekin, gazteekin, proiektu berriak aurkeztera datozen elkarte edo erakundeekin, auzotarrekin, beste erakundeetako ordezkariekin...Zerrenda luzea, inondik ere. Eta hartu-eman horiek, guztiek, asko eman didate. Gure herria ezagutzeko bide eman didate. Izan ere, egiari zor, tronpatuta nengoen. Uste duguna baino gutxiago ezagutzen dugu gure herria.

Bidaia labur baina intentso honetatik, beste konstatazio bat: udala ezinbesteko tresna dela gure herriaren eraikuntzan, aukera ugari eskaintzen dituela, baina badituela bere mugak, administrazioa den heinean. Ondorioz, aldi labur honetan, tokatu zait nahia eta ezina kudeatu behar izatea (ez dira gutxi izango aurrerantzean!). Herritarrak laguntza bila etorri eta ezin berehalakoan eta nahi bezala, ezta haiek eskatu bezala ere, lagundu. Zurruntasun instituzionala, burokrazia, prozedura administratibo amaigabeak, konpetentziek ezartzen dituzten hesiak... administrazioaren parte dira oraindik ere. Inoiz baino nabarmenago ikusi dut instituzionalitate berri baten beharra.

Horren zain egon gabe, ordea, Usurbilek udalgintza eredu irekia, parte-har-tzailea, eraldatzailea, hitz bakarrean esanda, demokratizatzailea landu du urte luzeetan, eta gu bide horretan sakontzera gatoz.  Aurrez bagenekiena berretsi baino ez dut egin: udalgintza bere horretan ez da ezer, herrigintzarik gabe. Inplikazio partekatua eta kolektiboa behar dugu, sarean lan eginez eta zaintza eta pertsonak erdigunean kokatuz, komunitatearekin eta komunitatearentzat. Horretan, udalak rol garrantzitsua du, baina baita herria (komunitatea) osatzen dugun gizon-emakumeok ere. Batak bestearen beharra du. Dugu. Koope-ratibismoa, elkarlana, elkartasuna eta erantzukizuna gisako balioak gure udal-jardunaren zimentu izango dira. Hitz potoloak, bai, baina ez hitz hutsalak. Horixe bera egitera goaz, esate baterako, Txokoalden hurrengo asteetan. Halaber, gauza bera egingo dugu Legealdiko Plana osatzeko abiatu berri dugun prozesuan.

Hautets-programa herri-mandatutzat dugu, eta, hura oinarri, legealdiko bide-orria osatzera goaz. Gure lan-tresna izango da: helburuak zehaztu, eta horiei begirako lan-ildo eta ekimenak, epealdia, arduradun politiko eta teknikoak... Ariketa horretan udal-langileak bidelagun izango ditugu (bide batez, mila esker eskaintzen diguzuen laguntzagatik!); oposizioari parte hartzeko deia ere egin diogu, eta, zu ere, herritar, bidaide nahi zaitugu, hasi berri dugun bidaia zoro baina eder honetan.