Publicador de contenidos

Atrás

Beterri Km0 egitasmoa abiatu dute Beterri-Buruntzako udalek

Beterri-Buruntza eskualdeko nekazaritza- eta merkataritza-sektoreak suspertzeko helbururarekin sortu da Beterri Km0 estrategia, eta atzo eman zuten ezagutzera Hernanin. Beterri Km0 zigilu bat baino gehiago da; herritarrak, instituzioak, merkatariak eta lehen sektorea elkartuko dituen sarea da. Une honetan eskualdeko bederatzi ekoizle daude inplikatuta eta sarea hazten ari da.

16·05·2018


Beterri-Buruntza Udalak-eko lehendakari den Jon Zulueta, Hernaniko tokiko garapenerako agente den Andoni Egiak, Karabeleko-ko Oier Iurramendik eta Behemendi-ko Juan Kruz Alberdik eman dituzte proiektuaren xehetasunak.

Hernani, Urnieta, Usurbil, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Andoain herriek osatzen dute Beterri-Buruntza eskualdeko nekazaritza-sektorea, merkataritza-sektorea eta hostalaritzaren sektorea sustatzeko proiektua. Jon Zuluetak azpimarratu duenez: “Eskualdeko jantoki publiko guztietan klausula anbientalak ezarri eta tokiko administrazioek bertako ekoizpena kontsumitu, erabilgarriak diren lur publikoak nekazaritzara bideratu, eta sektorea sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartzen dugu publikoki“.

Andoni Egiak azaldu duenez, proiektua elikadura burujabetza lortu eta garapen endogenoa sustatzeko norabidean kokatzen da. Bere hitzetan, “proiektu hau eskualdeko ekoizle, merkatari, hostalari eta administrazio publikoaren artean modu partekatuan egin den estrategia bat da, eta dei egiten diegu oraindik sare honetako kide ez diren nekazari, merkatari eta hostalari guztiei bertan izena eman eta sarearen parte izatera.

Ekonekazaritzaren arloko etxalde esperimentala den Karabeleko-ko Oier-ek hartu du hitza jarraian. Azaldu duenez, “Beterri Km0 zigilu bat baino gehiago, sare moduan ulertzen dut, herritarrak, instituzioak, merkatariak eta lehen sektorea elkartuko dituena”. Une honetan eskualdeko bederatzi ekoizle daude inplikatuta eta sarea hazten ari da. Produktu ezberdinak ekoizten dituzte, gainera: barazkiak, frutak, esnea, gazta, arraultzak, oilaskoak, mermeladak, kontserbak, … Datozen hilabeteetan katalogo zabala osatzea dute helburu.

Azkenik, Behemendi-ko Juan Kruz-ek azaldu du “nekazariak sortzea” dela proiektuaren beste hanka bat. “Nekazaritza lanbide egokia izan daiteke, baldintza egokiak planteatzen badira; baita kaletarrentzat ere“ gehitu du. Herri lurrak eta lur pribatuak identifikatzea da beste ildoetako bat, ondoren beren ogibidea nekazaritza izatea nahi dutenen esku uzteko.

Beterri Km0-ren pegatina erakusten duten jatetxe, jantoki publiko, denda zein tabernetan bertako produktuak kontsumitu ahal izango dira hemendik aurrera. www.beterrikm0.eus webgunean ezagutu daitezke xehetasun guztiak eta proiektuaren parte diren ekoizleak.

Hemen duzue ikusgai Udalberrin gai honen inguruan egindako erreportajea: