Publicador de contenidos
Atrás

Beterri-Buruntzako Garapen Agentziaren sorreran parte hartuko du Usurbilgo Udalak

Gaur arratsaldean Usurbilgo udalbatzak egindako osoko bilkuran aho batez erabaki dute Usurbilgo Udalak Beterri-Buruntza eskualdearen garapen sozioekonomikoa sustatzea helburu izango duen mankomunitate baten sorreran parte hartzea. 2017ko urtarrilean sinatu zuten eskualdeko sei udalek Beterri-Buruntza Udalak lankidetza-hitzarmena, eta orain arteko lan-ildoak eta programak kontsolidatuta, beste urrats bat egitea erabaki dute: Garapen Agentzia sortzea. 2020ean abiatu nahi dute.

28·03·2019


Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duten udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) 2017ko urtarrilaren 27an elkarren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren xedeetako bat honako hau izan zen: tokiko garapen, sustapen ekonomiko eta enplegu alorrean eskualde mailako egitura bat sortzeko azterketa bat egitea. Hala, hitzarmen horri esker, Beterri-Buruntzako udalak lanean aritu dira eskualde mailako garapen agentzia baten babesean elkartzeko. Batzorde kudeatzaileak proposamen bat landu du, eta orain udalak, euren osoko bilkuretan, konpromisoa hartzen ari dira Beterri-Buruntza eskualdeko tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako mankomunitatearen sorreran parte hartzeko. Hain zuzen, horixe da atzo Usurbilgo Udaleko osoko bilkuran aztertu zen gaia, eta alderdi politiko guztiek erabateko babesa eman zioten eskualde mailako mankomunitatea sortzeko prozesuan parte hartzeari.

Zer da Beterri-Buruntza Udalak?

Beterri-Buruntza eskualdearen tokiko garapenerako, sustapen ekonomikorako eta enpleguaren sustapenerako lankidetza-hitzarmena da Beterri-Buruntza Udalak. Eskualdeko sei udalek 2017ko urtarrilean eratu zuten elkarrekin hainbat zerbitzu eta programa eskaini eta garatzeko. Orduz geroztik hainbat zerbitzu, proiektu eta programa jarri dituzte martxan, eskualdeko biztanleen ongizatea bermatzeko. Honatx lan-ildoak: enplegua, ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren eta turismoaren sustapena, eta sektore sortu berri edota estrategikoen sustapena. Urteen joan-etorriarekin programa horiek kontsolidatu egin dira, eta, horrenbestez, 2020ean beste erronka bati heldu nahi diote: eskualde mailako mankomunitatea abiatzea.

Memoria

Beterri-Buruntzako Udalak 2018aren balantzea egin du, eta, euren esanetan, nabarmendu beharreko mugarri nagusia da egitura teknikoaren kontsolidazioa eta egitura juridikoa izatea. Hau da, barruko antolamendua eta giza baliabideen osaketa. Hala bada, Beterri-Buruntza Udalak egituratzen aritu dira: batzorde ezberdinak sortu dira, udal guztietako politikariekin eta teknikariekin.

Bestelako jardueren emaitzak

1) Pertsonak eta lan-merkatua

Lan-merkatuari dagokionean, langabezia-tasa %8,5ekoa da (3.064 pertsona, 2018ko abenduan), eta horietatik %58 emakumeak dira, % 48 denbora luzeko langabetuak dira, eta %26ak 55 urte baino gehiago ditu. Bestalde, nahiz eta 28.989 kontratu berri sinatu, %3,4 baino ez dira izan kontratu mugagabeak. Hala, eskualdeko biztanleak lan-munduratzeko helburuz, lan prestakuntza eskaini da. Guztira, 293 lagunek parte hartu dute, eta 126 enplegu berri sustatu dira, hau da, langabetutako biztanleriaren %10 lagundu da. Honako programak hauek lagundu dute emaitza horiek lortzen: Proiektu bereziak, Hazilan, Enplegu Soziala, KoopFabrika, Ekinean eta tokiko enplegu ekintzak. 2019Ko erronka nagusia gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei egokitutako baliabide sozio-laboralak eskaintzea da.

2) Enpresa, sektoreak, ekoizpen jarduera eta saltokiak

Jarduera ekonomikoen tertziarizazioa egon arren (langileriaren %61ak zerbitzuetan egiten du lan, eta enpresen %75ak dihardu sektore horretan), industriak pisua izaten jarraitzen du, izan ere, enpleguaren herena hartzen du, baita kalitatezko enplegua ere. Bestalde, bada nabarmentzeko beste datu bat ere: saltokien bilakaera negatiboa izan da: 2007tik aurrera, ia 1.200 saltoki inguru itxi dira. Ildo horretan, eskualdeko erronka nagusietako bat bertako enpresen lehiakortasuna mantendu eta balio gehigarria eskaintzen duten zerbitzu aurreratuak garatzea izango da.

Beterri-Buruntza Udalak zerbitzuaren onuradunak 244 enpresa izan dira, hau da, enpresa guztien %8. Gainerako, honako proiektuak abiatu dira, besteak beste: Iturola Elkarlan Sorgunea, Nodo Eraldaketa, Pertsona eta Partaidetza, digitalizazioa, kultur eta sormen industria, Gure Market eta Beterri Km0, eskualdeko Turismo Plana, Guztion eta trantsizio energetikoa.

3) Eragileak eta sareak

106 koordinazio-bilera baino gehiago egin dira 2018an, 203 harreman baino gehiago mota guztietako erakunde eta eragilerekin eta 18 programa edo proiektutan hartu da parte.

4) Emaitza ekonomikoak

2018. urtean zehar, 1,31 milioi euro kudeatu dira. Horietatik % 79 enplegu programetara bideratu da, hots, 1,03 milioi euro. Programa horiek hiru modutara finantzatzen dira: eskualdeko udalerriek 0,53 milioi euroko ekarpena egiten dute, Lanbidek 0, 49 milioi euro, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 0,3 milioi