Publicador de contenidos

Atrás

BerriaLagun kanpaina, Berria, euskara eta herri-merkataritza sustatzeko ekimena

BerriaLagun kanpaina abiarazi dute Berriak, Usurbilgo Udalak eta Hurbilagok, Usurbilen. Herriko 31 merkatarik egin dute bat egitasmoarekin, eta ekainaren 18tik uztailaren 16ra bitarte, BerriaLagun egin diren establezimendu horietan erosten duten bezeroen artean hiru sari potolo zozketatuko dira: 500 €- ko bi txeke, eta 300 €-ko beste bat, azken hori Ttipi Ttapa ibilbidea egiten dutenen artean. Zozketa uztailaren 16an egingo da. Berriaren proiektua, euskara eta herri-merkataritza sustatzea helburu duen kanpaina da BerriaLagun.

18·06·2018


“Kanpaina honekin guztiok irabazten dugu: Berriak, herriko merkatariek eta euskarak”. Hitz horiekin laburbildu du Juanjo Allurrek, Hurbilagoren izenean, BerriaLagun kanpainarekin bat egiteko arrazoia. Hain zuzen, gaur goizean aurkeztu dute Usurbilen aipatu kanpaina. Berriarekin batera, kanpainarekin bat egin duten merkatarietako batzuk izan dira: oro har, 31 merkatarik egin baitute bat ekimenarekin. Usurbilgo Udaleko eta Fagor Automotioneko ordezkariek ere parte hartu dute, eurak baitira kanpainaren babesleak.

 

Euskara eta herri-merkataritza sustatzeko kanpaina da BerriaLagun. Hala, ekimen horrekin bat egin duten establezimenduetan erosten duten bezeroek saria izango dute. Izan ere, batetik, 500 euroko bi txeke zozketatuko dituzte komertzio eta establezimendu horietan gastatzeko, eta, bestetik, herriko tabernetan Ttipi Ttapa ibilbidea osatzen dutenen artean 300 euroko txekea. Guztira, beraz, 1.300 euro. Kanpainak ekainaren 18tik uztailaren 16a bitarte iraungo du, eta zozketa uztailaren 16an bertan egingo da.

 

Alaitz Aizpurua Garapen Ekonomikorako zinegotziak azaldu duenez, Udalean ez zuten dudarik izan kanpaina honekin bat egiteko. Bi arrazoiengatik babestu dute: “Alde batetik, Usurbilgo Udalak ere bere ekarpena egin nahi dio Geroa gugan kanpainari, eta guk ere Berriaren bidelagun izan nahi dugu. Hor izan gara lehen; orain ere hemen gaude, eta, ziur nago, etorkizunean ere bidelagun izango direla Usurbilgo Udala eta Berria. Geroa gugan baitago. Euskaraz bizi nahi dugun euskaldun guztien baitan, nagusiki. Eta, bestetik, kanpaina hau ezin aproposagoa delako herriko merkataritza txikia bultzatzeko, sustatzeko. Eta, zer hobe, euskaratik eta euskaraz”. Aizpuruaren esanetan, “ez dira garai errazak” honakoak merkataritza txikiarentzat. Gogorarazi duenez, Irundik Usurbilera bitarteko lur-eremuan, 200.000 metro koadro gehiago bideratu nahi dituzte merkataritzagune handietarako, bai daudenak handitzeko, edota bai berriak egiteko. “Aurreikusitako guztia eraikiko balitz, izugarrizko inpaktua izango luke bai sektorean bertan, izan ere, berez zaila den etorkizuna, are beltzago bihurtuko da herriko merkatarientzat, bai geure herrietako eguneroko bizitzan, bai eta hizkuntzaren eremuan, jakin baitakigu halako saltoki eremuetan zein den hizkuntza nagusia, euskararen kaltetan”.

 

Berriaren komunitatea

Juanjo Allurrek, Hurbilagoren izenean hitz egin du, eta nabarmendu duenez, kanpaina aproposa da eta egokia da herriko saltokietan erosten duten bezeroak saritzen dituelako. Gainera, modu honetan, Berriako Usurbilgo komunitatea handiagoa eta zabalagoa egitea ahalbidetzen du. “Hurbilagok berehala esan zuen baietz. Guztiok irabazten dugu: bai Berriak, bai herriko merkatariek, bai euskarak”.

Hona hemen bat egin duten komertzioen zerrenda: