Noticias
Atrás

Astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dira ostalarientzako dirulaguntzak

Larrialdi egoeraren ondorioz jarduera eteteak sorrarazitako kalte ekonomiko handiak izan dituztenentzako deialdia da, herriko taberna, kafetegi eta ostatuen establezimenduei begira sortua. 10 eguneko epea izango dute eskatzeko.

22·05·2020


Astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dira ostalaritzaren sektoreari bideratutako dirulaguntza bereziak. Gaur argitaratu dituzte oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean: 10 eguneko epea izango dute eskaerak aurkezteko (asteburuak kontuan izan gabe). Herriko taberna, kafetegi eta ostatuen establezimenduei begira sortutako urgentziazko deialdia da, beren jarduera geldituta edo fakturazioa %75ean murriztua izan badute osasun krisiak sortutako neurrien ondorioz. Eskaerak telematikoki egitea gomendatzen da, udal-erregistrora idatzita [erregistroa@usurbil.eus]; udalean bertan ere egin daiteke, zita hartuta, beti ere.

Hain justu, Usurbilgo Udala tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko plana bukatzear zela sortu zen osasun krisia. Horren aurreko testuingurua ez zen erraza haientzat, mundu globalizatu eta digitalizatuan saltoki handietan eta Internet bidez egindako erosketek ohiko merkataritzaren joko arauak aldatu baitzituen. Osasun krisiak, zentzu horretan, areagotu egin ditu lehendik bizirauteko zituzten zailtasunak.

Hala, sektore horren, udalaren eta herritarren lankidetza sustatzeko herri mailako kanpaina bat jarri du abian, herriko establezimenduetan kontsumitzeko bonu sistema bat sortuta eta hori diruz lagunduz, herritarrentzako pizgarri gisa. Aldiz, ostalaritzaren sektorean bonu horien erabilera mugatua izan daitekeela aurreikusita, dirulaguntza zuzenak atera ditu udalak. Izan bonuekin, izan dirulaguntza zuzenekin, udalak 400na eurorekin lagunduko ditu establezimendu guztiak.

Laguntza hori ematea bateraezina izango da bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bitartekoekin, gastu kontzeptu bereko finantzaketa pribaturako emanak badira.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:

Eskabide orria.

Erantzukizunpeko adierazpena, oinarrietan ezarritako eskakizunak betetzen direla bermatuz.

Banku datuak edo banku agiri baliokidea.

Pertsona fisikoa izanez gero, eskatzailearen NANa.

Pertsona juridikoa izanez gero, eskatzailearen IFKren kopia.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente bat (ERTE) egiaztatzen duena edo autonomoentzako aldi baterako jarduera eten izanagatik ezohiko prestazioaren titular dela egiaztatzen duena (CATA).

Finantza memoria, gastuen justifikazio eranskina.