Noticias
Atrás

Askatasuna plazatik kale nagusira joateko pasabidea, berritze bidean

Irantzu Lekue artista ari da pasabidea eraldatzen, bizilagunek hautatutako horma-irudi koloretsuarekin. Horrez gain, bestelako hobekuntza lanak ere egin dira: zorua eta sabaia berritzea eta pasabidea argiztatzea.

13·09·2019


Espazio publikoa aktibatzeko bi lan egingo dira irailean Usurbilen, Beterri Buruntza eskualdeak sustatutako Guztion Eskualdea programaren bidez: Askatasuna plazatik kale nagusira joateko pasabidea berritzea da horietako bat, hain zuzen ere. Azken egunetan handik pasatu diren herritarrek nabarituko zuten aldea honezkero: mural koloretsua egiten ari da Irantzu Lekue artista. Hark proposatutako hiru diseinuren artean bat aukeratu dute bizilagunek, eta horixe margotzen ari da kale nagusiko 10. zenbakian dagoen pasabidean.

Amaitzeko badaude ere, zorua berritu da, eta argiztatze berria jarri da sabaian. Batetik, egungo zolaren gainean metakrilatozko zoladura iragazgaitz bat jarri da: modu horretan, gunea garbitzea eta mantentze lanak egitea erraztu nahi zaie udal langileei. Bestetik, argiztatze berriak gauez bertatik erosoago pasatzea ahalbidetzea du helburu.

Azken urteetan herrigunea eta tokiko merkataritza indartzeko egindako lanen jarraipena da hori, Usurbilgo Merkataritza Biziberritzeko Planaren bidez. Izan ere, hainbat lan egin dira orain arte: Mikel Laboa plazara iristeko oinezko pasabideak hobetu dira Zubiaurrea-Errekatxikitik eta Artzabal-Olarriondotik; horrez gain, Mikel Laboa plaza oinezkoentzako egokitu da, eta handik kale nagusira iristen diren Irazu, Etxebeste eta Hirutasun kaleak eraberritu dira. Horiekin guztiekin eta pasabidearen berrituta, Mikel Laboa plazaren eta kale nagusiaren arteko merkataritza ardatzak indartu nahi izan dira.

Lan horien bidez, kale espazio atseginak sortu nahi izan dira bertako merkataritzaren mesedetan, eta, bide batez, herritarren arteko harremanak bermatzeko espazio inklusibo eta atseginak sortu.