Publicador de contenidos

Atrás

Andatzan indusketa arkeologikoak egiteko boluntarioak behar ditu Aranzadik

Aranzadi Zientzia Elkarteak udan ikerketa arkeologikoak egin izan ditu han-hemenka; udan, euren jarduera nagusietakoa izan ohi da. Gipuzkoan hainbat tokitan egingo dituzte indusketak, tartean, Andatzan. Zehazki, Andatza inguruan, prospekzio arkeologikoa egingo dute, kata eta zundaketekin, Kalkolito eta Brontze Aroa hobeto ezagutzeko. Andatzan badira garai hartako monumentu megalitiko ugari. Lanak uztaila eta urria bitartean egingo dituzte, egun solteetan, eta indusketa honetan eskualdeko pertsonek izango dute lehentasuna. Bost lagun behar dituzte lan horietan laguntzeko, eta interesik izanez gero, maiatzaren 18a baino lehen eman behar da izena, Aranzadiren webgunean.

18·04·2018


Indusketa arkeologikoak egingo ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Andatzan udan. Aranzadik aspalditik du Andantzan ikerketa-lerro bat zabalik, Neolitoa eta Erromatar garaira arteko epealdi historikoak hobeto ezagutzeko. Manu Ceberio eta Izaro Quevedo dira zuzendariak, eta prospekzio arkeologikoa egingo dute, kata eta zundaketekin. Lan horiek uztaila eta urria bitartean egingo dituzte, egun solteetan, eta lan horietan laguntzeko, boluntario bila ari dira. Zehazki esanda, bost lagun behar dituzte. Eskualdeko pertsonek izango dute lehenetasuna, zundaketa-eremutik gertu baitaude. Ikastaroa elebidunez egingo da, eta doakoa izango da. Ikerketa honen helburua Kalkolito eta Brontze Aroa hobeto ezagutzea da, eta Andatzan ez ezik, Belkoin, Garate eta Zarate mendietan ere egingo dituzte indusketak.

Aranzadiren ikerketa arkeologiko honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Usurbilgo Udalaren laguntza jasoko du.

Ingurune horretan Kobre Aro eta Brontze Aro garaian eraikitako trikuharriak daude. Andatza, Belkoain eta Zarate mendien artean bizitu izan ziren giza taldeek eraiki zituzten, hildakoak ehorzteko. Zehatz esanda, hamar trikuharrik eta zista batek osatzen dute Andatzako estazio megalitikoa. 2003an, Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo Izendapena eman eta Kultura Ondasun izendatu zuen estazio megalitiko hori. Hainbat trikuharritan oraindik ez da indusketa lanik egin.

Izena eman, maiatzaren 18a baino lehen

Lan hauetan parte hartzeko, laguntzeko edota ikasteko interesa izanez gero, Aranzadiren webgunean topatuko duzu informazio guztia. Andatzan ez ezik, beste hainbat gunetan ere egingo dituzte indusketak udaran. Edonola ere, izena emateko epea maiatzaren 18an bukatuko da.