Publicador de contenidos

Atrás

Alaitz Aizpurua: “Usurbilen ia doakoa da euskara ikastea”

2017/2018 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako eta aisialdiko begirale ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntzei buruzko proposamen-ebazpenak egin ditu gaur goizean Diru-laguntzen Batzorde Orokorrak. 43 herritarrek jasoko dituzte laguntzak, euskara ikasteagatik. Orotara, 17.191 euro banatuko ditu Udalak, hau da, ia ehuneko ehunean ordainduko die Udalak matrikula herritarrei. Aisialdiko ikastaroari dagokionez, 15 lagunek egin dute, eta guztiek jasoko dituzte laguntzak, 2.500 euro, guztira. Bi ebazpenok astelehenean argitaratuko dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

25·07·2018


Usurbilgo Udaleko Diru-laguntza Batzordeak bilera egin du gaur goizean, eta bi diru-laguntza deialdiri buruzko ebazpen-proposamenak egin ditu: euskara ikasi dutenentzako diru-laguntzei buruzkoa da bata, eta aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntzei buruzkoa da bestea.

2017/2018 ikasturtean euskara ikasten edota euskarako ikastaroren bat egin duten 39 usurbildarrek eskatu dizkiote diru-laguntzak Udalari, eta guztiei ematea onartu du. Eskaerak, ordea, 43 izan dira, hots, iaz baino 8 gehiago. Banatzeko zegoen gehienezko diru-kopurua 20.000 eurokoa zen, eta 17.191 euro banatzea proposatu da gaur goizean, iaz baino 3.709 euro gehiago. Eskatzaile bakoitzak 600 euro arteko diru-laguntza jaso zezakeen gehienez ere (iaz 500 eurokoa zen gehienezko kopurua), eta 10 eskatzaile izan dira ordaindutako matrikula osorik jaso ez dutenak. Hala, eskatzaileek egindako gastu osoa 18.024 eurokoa izan da, eta banatuko den diru-kopurua, berriz, 17.191 eurokoa. Honenbestez, aurtengo diru-laguntza deialdia % 100a ematetik oso gertu dago. Alaitz Aizpurua Kultura-zinegotziaren esanetan, “ Usurbilen ia doakoa da euskara ikastea”.

Egin diren 43 eskaera horietatik 20 ikasle aritu dira Usurbilgo Etumeta-AEK euskaltegian euskara ikasten. Halaber, bada beste datu aipagarri bat ere: 43 eskatzaileetatik 30 emakumezkoak dira, beraz, eskatzaileen % 70 emakumezkoa da (iaz %77a izan zen)

Aisialdiko diru-laguntzei dagokionez, 15 eskaera aurkeztu dira, eta deialdi honetan ere guztiei emango zaie laguntza. Guztira, 2.500 euro. Eskatzaile bakoitzak matrikula gastuaren % 50 jaso zezakeen gehienez ere; haatik, % 38,60 jasoko dute, banatzeko dagoen gehienezko diru-kopurua 2.500 eurokoa baita.

2012an hasi zen Usurbilgo udala diru-laguntza deialdi hau kaleratzen, eta orduz geroztik, 44 lagunek eskatu dute diru-laguntza. Begirale titulurako 44ri eman zaie laguntza eta zuzendari titulurako biri. Aurten egin diren 15 eskaeretatik 4 izan dira emakumezkoak. Alaitz Aizpuruaren esanetan, datua bada aipagarria. “Onerako. Izan ere, orain arte eremu honetan batez ere emakumeek egin izan dituzte ikastaroak, eta datuek diote gauzak aldatzen ari direla. Esaterako, aurtengo Udajolaseko begirale asko gizonezkoak dira”.

Alegazio-epea

Diru-laguntzen Batzordeak gaur onartu dituen ebazpen-proposamenok astelehenean bertan kaleratuko dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek hamar eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko, beharrezko ikusten badute. Tokiko Gobernu Batzordeak irailean aztertuko du gaia ostera, eta orduan hartuko du behin-betiko erabakia.