Publicador de contenidos

Atrás

Abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu dute Buruntzaldeko udalek

'Apelliduak abizendu' kanpaina martxan jarri dute aurten ere Buruntzaldeko udaletako euskara-batzordeek. Izan ere, oraindik ere, asko baitira jatorriz euskarazkoak diren abizenak agiri ofizialetan gaztelaniaz idatzita dituzten herritarrak. Hiru agiri eskuratu behar dira, horretarako: errolda-agiria, udaletxean eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar dena; eta, NAren fotokopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek Famili Liburua ere eraman behar dute. Hori da guztia. Agiri horiek herriko Bake Epaitegira eramatea nahikoa da, eta horrekin han bertan egingo dute abizenaren aldaketa. Oso tramite sinplea da, animatu, beraz!

13·04·2018


Abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu dute aurten ere Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako euskara-batzordeek. Eskuorri bat banatu dute, eman beharreko pausoak argi eta garbi azalduz. Eta ikus daitekeenez, jatorriz euskarazkoak diren abizenak agiri ofizialetan euskaraz idazteko bidea oso erraza da. Azpilicueta, Zalacain, Eizaguirre, Aguirreche, Echeverría, Jauregui, Arregui, Lecuona, Erquicia, Aguirre,... eta horiek bezalako ehunka deitura euskaldun euskarazko grafiaz idatzita nahi dituenak oso erraz egin dezake. Bi tokitara bakarrik joan beharko du: udaletxera eta Bake Epaitegira.

Hiru agiri eskuratu behar dira: errolda-agiria, udaletxean eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar dena; eta, NAren fotokopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek Famili Liburua ere eraman behar dute. Horixe da guztia. Agiri horiek herriko Bake Epaitegira eraman behar dira, eta horrekin han bertan aldatuko dituzte abizena. Oso tramite sinplea da.

Edonola ere, zalantzaren bat duenak nahikoa du herriko Bake Epaitegian galdetzea, han emango dizkiete-eta argibide guztiak. Usurbilgo Bake Epaitegiko telefono zenbakia honako hau da: 943 37 23 36.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekintzetako bat da ekimen hau, eta tokian tokiko bake-epaitegiekin lankidetzan egiten dute. Badira urte batzuk martxan jarri zela, eta dozenaka herritarrek utzi diote urteotan Echeverría, Aguirre, Aguirrezabala, Lecuona edo Erquizia izateari, eta Etxeberria, Agirre, Agirrezabala, Lekuona eta Erkizia izatera pasa dira. Hala nahi duenak oso erraz egin dezake. Norberaren esku dago.