Publicador de contenidos

Atrás

2019ko aurrekontuen proposamena aurkeztuko die herritarrei udal-gobernuak, auzoz auzoko batzarretan

2019ko udal-aurrekontuak zirriborratzen ari da egunotan udal-gobernua, eta hurrengo egunetan oposizioari zein herritarrei aurkeztuko dizkie. Horretarako, batzarrak deitu ditu azaroaren 19tik 22ra bitarte, herriko auzo guztietan. Herritarren ekarpenak jaso eta auzoen egunerokoaz hitz egiteko baliatu nahi dituzte batzarrok.

09·11·2018


Udazken betean gara, eta heldu da datorren urteari begira jartzeko garaia. Hori dela eta, udal-gobernua hasita dago datorren urteko aurrekontuak zirriborratzen. Guztira, 12 milioi izango dira, iaz baino 700.000 euro gehiago. Aurreko urteetako aurrekontuen ildotik, 2019ko aurrekontu-proposamenak ere gobernu-programa du oinarri, eta urteotan landu diren arloz arloko plangintzetan jaso diren egitasmoei emango zaie lehentasuna, esate baterako, nabarmentzekoak dira Kale Irekiak mugikortasun-plana, Errioa Bizi! ekintza-plana, Usurbil 0.0 hondakinen programa, jubilatuen bizitza aktiborako egitasmoak, Parekidetasun Plana eta beste hainbat.

Edonola ere, parte-hartzeari lehentasuna eman nahi diote, izan ere, gobernu-taldearen iritziz, herritarren eta oposizioaren hitza kontuan hartu ezean, ezin baita aurrekontu egokirik taxutu. Horregatik, gaur-gaurkoz aurrekontu-proiektua ez da dokumentu itxia, eta denen ekarpenak biltzeko asmoz, bilera sorta antolatu du Usurbilgo herri/auzoetan, azaroaren 19tik 22ra. Honako hau da egutegia:

- Azaroak 19: Ogasun Batzordea. Oposizioari aurkeztuko dizkiete aurrekontuak. 10 eguneko tartea izango dute euren proposamenak lantzeko. Azaroaren 28an berriz bilduko da Ogasun Batzordea, eta hor landuko dituzte oposizioaren ekarpenak.

- Azaroaren 19tik 22ra bitarteko egunetan, auzoz auzo batzarrak egingo dituzte herritarren ekarpenak biltzeko. Aurrekontuez ez ezik, bestelako kontuez ere hitz egiteko baliatu nahi dira bilerok, eta, ondorioz, herritarrei parte hartzeko gonbita egin diete.

- Abenduaren 20ko osoko bilkuran behin-behinekoz onartu nahi dituzte.