Publicador de contenidos

Atrás

11.312.981 euroko aurrekontua onartu du udalak 2018rako, herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea bermatzeko

2018ko aurrekontuak onartu ditu Usurbilgo Udalak, atzo eginiko udalbatza saioan. Aurrekontuak udal gobernuaren babesa baino ez du jaso. EAJk eta PSEk ez diote egin ekarpenik proiektuari, baina biek ala biek, arrazoi ezberdinak tarteko, aurka bozkatu dute. 2018rako 11.312.981 euro izango ditu udalak, eta Zumarte musika-eskola eraberritzeko, beste bi milioi euro.

20·12·2017


Urteko azken udalbatza saioa egin zuen atzo arratsaldean Usurbilgo Udalak, eta, gaien artean, 2018rako aurrekontuak onartzea izan zuten. Udal gobernuak aurkezturiko aurrekontu-proiektua gehiengo osoz onartu zen, Ehbilduren aldeko bozkekin. EAJk eta PSEk, aldiz, aurka bozkatu zuten, horretarako arrazoiak ezberdinak izan baziren ere. Alaitz Aizpurua zinegotziak 2018ko aurrekontuak osatzeko egin duten bidearen berri eman zuen. Aurrekontuak herritarrei aurkeztu zaizkie auzoz auzo, eta, argitu zuenez, ahal izan dituzten ekarpenak txertatu dituzte. Halaber, udal langileek egindako proposamenak eta doikuntzak ere aintzat hartu dituzte, propio horretarako antolatutako bi saioetan. Oposizioarekin adostutako egutegia ere gogora ekarri zuen. Talde politikoek 10 eguneko epea izan dute ekarpenak egiteko, baina ez EAJK ez PSEk ez dutela ekarpen bat bera ere egin azpimarratu zuen Aizpuruak. Horregatik, harrigarria iruditu zaio Aizpuruari bi talde horiek aurka bozkatu izana. Udalbatzan azaldu zituzten aurka bozkatzeko arrazoiak. Josune Urkola EAJko zinegotziaren esanetan, 2018ko aurrekontuetan ez da jasotzen Zumarte musika-eskola berritzeko gasturik. “Ez dugu zalantzan jartzen musika-eskola berrituko denik, baina ez dugu ulertzen, eskatu dugun arren, 2018ko aurrekontuetan gasturik ez txeratzea”. Alaitz Aizpurua zinegotziak eta Karmele Lizaso kontu-hartzaileak eman zizkoten horren inguruko azalpenak. “Kontu tekniko bat baino ez da. Zumarte musika-eskola egiteko eta lanak finantzatzeko modu asko egon daitezke, baina udalak egin zitekeen modurik egokienean egiten saiatu gara. Izan ere, gure konpromisoa erabatekoa da Zumarterekiko: lanak datorren urtean bertan hasiko dira”.

Fermin Orue-Echevarria PSEko zinegotziak, bere aldetik, aurka bozkatzeko arrazoia udal gobernuak eskola publikoaren gaiarekiko izan duen “interes falta” dela azaldu zuen. 2017ko aurrekontuetan abstenitzeko arrazoia hori izan zela eta “engainatuta” sentitzen dela azaldu zuen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin oraindik bildu ez izana txarretsi zuen. Xabier Arregi alkateak eman zizkion azalpenak: “Bi alditan egin dugu Hezka Sailarekin biltzeko eskaera, idatziz. Gaiaren gainean gaude, baina oraindik Cristina Uriarte sailburuak ez digu erantzun ere egin”.

 

Hamaika milioiko aurrekontua

 

2018ko aurrekontua 11.312.981 eurokoa izango da. Aurrekontu horien bidez, usurbildarren eskubideak, bizi-kalitatea eta ongizatea bermatu nahi dituztela azaldu zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak. Horren lekuko da, esaterako, gizarte-politiketan murrizketarik ez egitea eta behar larriak dituzten herritarrei laguntzak bermatzea. “Pertsonak eta herritarrak erdigunean jartzen dituzten aurrekontuak dira”. Halaber, aurrekontu horien bidez, honako hau bultzatu nahi dute: berdintasun-politikak, hizkuntzaren normalizazioan aurreraurratsak egitea, herrigintzan aritzen diren eragileei diru-laguntzak ziurtatzea, ingurumena babestea eta enplegu publikoaren defentsa egitea.

Horretarako, ezinbestekoa izan da sarrerak eta gastuak orekatzea, Aizpuruaren esanetan: sarrerak zuhurtziaz kalkulatu dituzte, eta gastu arruntak ahal den neurrian mugatu dituzte, inbertsioetarako diru gehiago bideratu ahal izateko. “Aurrekontu kontrolatua eramateko esfortzu berezia egingo dugu”.

 

AURREKONTUAK ZENBAKIETAN:

 

Lau zutaberen gainean eraiki ditu datorren urterako aurrekontuak udal gobernuak. Hona hemen zutabeak eta zenbakiak:

1) Herri nortasuna indartu: 1, 2 milioi euro. Udalaren ustez, euskara, kultura, aniztasuna, parekidetasuna, hezkuntza eta bizikidetza dira Usurbilgo nortasun ikur nagusiak, eta aurrekontuon bidez balore horiek indartu nahi dituzte. Hala, ez da txikia asmo horretara bideratuko den dirutza, ia 1.200.000 euro, aurrekontu osoaren %10,33 hain zuzen ere.

 

2) Herri jasangarria eraiki: 2,6 milioi euro. Nortasun ikur horietan oinarrituz, aurrekontuen zerumugan herri jasangarria lortzea dago. Gure herria, espazio publikoa, irizpide jasangarriak aintzat hartuz antolatu nahi da. Izan ere, udal gobernu honentzat jasangarria ez da modako etiketa bat, udal jarduna zizelkatzen duen balorea baizik, ardatz nagusia. Lan lerro horretarako 2.600.000 euro bideratuko dira, eta aurrekontu osoaren %23,28 hartuko du. Diru-partida horren baitan daude, hirigintza, ingurumena, eta zerbitzuak eta obrak.

 

3) Ongizartea: 2,4 milioi euro. Usurbildar guztiei, izan gazte izan heldu, bizi kalitate hobea eskaintzeko helburuz, 2.470.000 euro bideratuko dira datorren urtean, aurrekontu osoaren %21,85, zehatz esanda.

 

4) Udala herriaren zerbitzura: Ia 5 milioi euro. Egitasmo horiek guztiak aurrera eramateko, udal gobernuak argi du udal-baliabideak herriaren zerbitzura jarri behar direla. Eta asmo horren isla da atal horrek duen aurrekontua: 4.900.000 euro, hau da, aurrekontu osoaren %43,33. Hiru eurotik bat pertsonalgo gastuek eragiten dute, arlo publikoari ematen zaion garrantziaren adierazgarri, eta kalitatezko zerbitzu publikoak usurbildarrei eskaintzeko helburuz.

 

5) Naziogintza eta elkartasuna: 136.000 euro. Usurbil Euskal Herriari eta munduari begira ere badago, eta datorren urtean ere diruz lagunduko dira Euskal Herriaren nazio eraikuntza sustatzen duten proiektuak, Udalbiltza eta UEMA kasu, eta, Euskal Fondoaren bidez, garapen bidean dauden herrialdeak.

 

 

INBERTSIOETARAKO, 3,3 milioi euro

 

Datorren urtean udalak 3.325.326 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Dirutza horretatik 2 milioi euro Zumarte musika-eskola berritu eta handitzeko izango dira. Lan horiek eragingo duten gastuei aurre egiteko, udalak aparteko finantziazioa lortu du: bi milioi euroko kreditua lortu du, eta hamar urtean ordainduko da. Eta beste inbertsio garrantzitsuetako bat kiroldegian egingo da: zehazki, igerileku txikia irisgarri egin eta handitu egingo da, azpiko instalazio, tuberia, kaldera eta abarrak berritzearekin batera. Lan horiek egiteko, udalak 581.000 euro bideratuko ditu. Honako hauek dira gainerako inbertsioak:

 

- Artzabalgo plaza berritu: 150.000 euro

- Hilerri zaharra hustu eta konpondu: 83.000 euro

- Zubietako Herri Batzarra: 70.000 euro

- Kale irekiak: 50.000 euro

- Usurbil 0.0: 20.000 euro

-…

 

DIRU-LAGUNTZETAN: Ia 800.000 euro

 

Herriko talde eta eragileek egiten duten lana indartu asmoz, eta elkarlanean sakontzeko, udalak 783.703 euro bideratuko ditu datorren urtean diru-laguntzetan. Honako alorretan banatzen dira:

 

- Gizartekintza: 208.100 euro

- Kultura: 218.500 euro

- Euskara: 122.200 euro

- Kirola: 100.400 euro

- Hezkuntza: 59.000 euro

- Nekazaritza: 34.500 euro

- Tokiko garapena: 33.500 euro

- Ingurumena: 5.000 euro

- Aisialdia: 2.500 euro

 

Aurrekontu proiektua, laburbilduta, esteka honetan ikus dezakezue: