Publicador de contenidos

Atrás

“N-634k ez ditu oinarrizko segurtasun baldintzak betetzen”

Gaur arratsaldean istripu larria izan dute herriko lau gaztek N-634 errepidean, Luzuriaga parean. Ez da lehen aldia toki horretan bertan halako istripu bat gertatzen dena. Horregatik, eskatu izan dio udalak behin eta berriz Gipuzkoako Diputazioari N-634 errepidearen izaera aldatzeko eta izaera urbanoa emateko, trafiko bolumena murriztu ahal izateko. Arazoari adarretatik heldu behar zaiola eta planteamendu integrala behar dela nabarmendu du udalak. Zorionez, oraingo honetan, ez da ezer larririk gertatu eta onik daude herriko gazteak.

02·03·2018


Gaur arratsaldean Usurbilgo lau gaztek istripu larria izan dute N-634 errepidean, Luzuriaga parean. Udalak kezkaz jaso du albistea, ez baita lehen aldia inguru horretan halako istripuak gertatzen direla. Zorionez, gazteak, oraindik obserbazioan badaude ere, onik daude, nahiz eta autoa txiki eginda geratu.

Tamalez, N-634 errepidea berriro ere istripu larri baten agertoki izan da. Azken boladan, gainera, nabarmen egin du gora trafikoak ingurune horretan, merkataritzagune berriak irekitzearen ondorioz. Usurbilgo Udala esan eta esan ari da gaur egun N-634 errepideak ez dituela betetzen gutxieneko segurtasun baldintzak, eta, ondorioz, Diputazioari behin baino gehiagotan eskatu dio N-634 errepidearen gaineko planteamendu integrala. N-634 errepideak gure herria gurutzatzen du alderik alde, eta oraindik ere trafiko-bolumen handia du, horrek dakarren guztiarekin. Gainera, trenbidearekin batera, hainbat pasagune arriskutsu eragiten ditu, eta soluziobide osoa eskatzen du ezinbestean. Herritarrek euren joan-etorrietarako sarritan gurutzatzen baitituzte pasabide horiek, edozein delarik ere tokia. Eta, horregatik, arazoari adarretatik heltzeko eskatzen diogu diputazioari. Ezinbestekoa da, beste herrietan egin den bezala, N-634ari izaera aldatzeko eta izaera urbanoa emateko Usurbildik igarotzen den zati osoari. Neurri horrekin, trafiko bolumena eta batez ere trafiko astuna nabarmen guxtituko litzatekeela uste du udalak, eta N-634 errepidea herriaren mugikortasun beharretara ere egokitu.